Udalbatzak aho batez onartu du San Eloyko beharginen mozioa

Anboto 2013ko api. 19a, 19:05

Lanpostuen defentsarako gestioak egiteko konpromisoa hartu du udalak

Lanpostuen defentsarako gestioak egiteko konpromisoa hartu du udalak.

 

Elorrioko Udala San Eloy taldeko enpresen itxieraren aurka eta bertako langileen defentsan kokatu da. Hori onartu dute aho batez udalbatzarrean, EAJ, Bildu eta PPren botoek bat eginda. Udalak, beharginen ordezkariekin eta administradore konkurtsalagaz batzeko konpromisoa hartu du; lanpostu horiek ez galtzeko erabakiak hartzea ere eskatu dio Eusko Jaurlaritzari –enpresaren akzioen %18 Jaurlaritzarena da–. Iketz eta San Eloy enpresak ixteko arriskuan daude, eta kezka hori nabaritu da batzarrean, bai alderdietako zinegotzien partetik bai herritarren partetik. Mozioa Bilduk erregistratu du, baina beharginek egindakoa izan da. Hauek lehenago lantzea gura zuten, baina orain arte gobernu taldeak ez du gaia udalbatzarrera eroan; horregatik, Bilduri eskerrak eman dizkiote euren izenean mozioa sartzeagatik.

 

Bilduko Fernando Garcia zinegotziak adierazi du, langileak egoera oso larrian daudela. "Lan barik geratzen badira, beraiek izango dira kaltetuenak". Baina, ohartarazi du lanpostu galeraren kalte hori herrian ere igarriko dela, hala nola, komertzioetan. Hori guztiagatik, koalizioko kideak hasieratik beharginekin egon direla esan du. Gobernu taldeari eskatu dio "martxan hasi dadila", eta beharginekin elkarlana abiatzeko. Ana Otadui alkateari exijitu dio erantzukizuna hartu dezala, legebiltzarkidea delako eta Jaurlaritzak akzioak dauzkalako San Eloyn.

 

Ana Otadui alkateak (EAJ) adierazi du hainbat gestio egin dituela azken asteetan. Esaterako, aipatu du Arantza Tapia sailburuagaz batu dela. Sindikatu guztiekin batzartu dela, baita administrari konkurtsalagaz ere. Testua irakurri duen beharginak eskaera berri bat egin dio alkateari: antza denez, martxoaren 1ean Tapiagaz batzea eskatu zuten, eta oraindik ez dute erantzunik jaso. Otaduik, eskaera hori helarazteko ardura hartu du.

 

PPko Carlos Garciak esan du ez dagoela mozio guztiagaz ados, baina: "Batzen gaituena nabarmendu behar da". Esan du langileen alde dagoela, eta horregatik babestu duela mozioa.

 

Hainbat herritar batu dira udalbatzarrean, gainezka egon da. Herriko enpresari batek berba hartu du, eta esan du bere enpresa San Eloyren bezeroa dela. Bere ustez, enpresa oso ona da ixteko arriskuan dagoena. Azkenaldiko zurrumurruek diote enpresa erosteko interesdun bat agertu dela, eta hori ondo hartzeko saiakera egin behar dela aldarrikatu du. Alderdiei kritika zorrotza egin die. Bere arabera, batak besteari kontra egiteari utzi eta enpresa babestu beharko lukete.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!