“Badirudi gizonezkoen umorea neutroa dela eta emakumeena markatuta dagoela, emakumeentzat dela”

Anboto 2024ko eka. 14a, 12:00

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai euren hirugarren 'Ztandap' binakako bakarrizketa saioa aurkezteko biran murgilduda daude. Gaur, barikua, Durangoko Plateruena kultur aterpean egongo dira, 19:00etan. Orgasmo arrakalaz, maitasun erromantikoaz, elkarbizitzaz, eta 'señora izateaz' berba egingo dute, besteak beste. ANBOTOk Idoia Torregaraigaz berba egin du. "Umorea egiteko beti da garai ona, askatasunaren aurkako korronteak indartzen dabiltzan garaietan ere bai, zailagoa izango den arren. Horren aurka egiteko, umorea bera garrantzitsua da. Orduan ere saiatuko gara zirrikitu horiek topatzen", adierazi du.

Azaroan estreinatu zenuten 'Ztandap'. Zelako harrera izaten ari da?
Mirarik eta biok elkarrekin egiten dugun hirugarren lana da hau, eta hasieratik argi genuen gure egunerokotasunaz hitz egingo genuela, aurreko bietan bezala. Ikusten dugu aukera dagoela guretik hitz egiteko eta barre egiteko; eta oraindik ere umorea erabiltzea bada modu bat eragiteko. Ztandap honetan elkarbizitzaz, señora izateaz, orgasmo arrakalaz... gizarte honetan deseraiki nahiko genituzkeen hainbat gauzei buruz hitz egiten dugu, umorearen galbahetik pasatuta, eta ordu eta erdi inguruko ikuskizuna egin dugu. Orokorrean, harrera ona izaten ari gara, izan ere, toki askotara hirugarren aldiz itzuli gara; gure indarguneetako bat da Mirarik eta biok elkar elikatzen dugula; oso modu naturalean hitz egiten dugu eta plazandreak izateak ere laguntzen du, noski. Horrez gainera, jendeak berarenganako hurbiltasuna ere eskertzen du.

Hirugarren emanaldi bat egunerokotasun horretatik prestatzea erraza egin zaizue ala errepikatzeko beldurra izan duzue?
Kilometro asko egiten ditugu elkarrekin, eta aurreko ikuskizunarekin buelta bat egin genuenez, emanaldi berri baterako ideiak aztertzen hasi ginen. Elkarrekin ematen ditugun ordu horietan gauza asko irteten dira eta hirugarren hau nahiko erraz sortu da. Etorria dugu eta hori ere aldeko dugu. Ikuskizun hau ere nahiko modu organikoan irten da; beti izaten dugu zer kontatu. Gaiak aurkezteko modua bai, berria izan daiteke, baina kontatzen duguna egunerokotik dator.

Plazandreak izateak ere eragingo du. 
Elkar ondo ezagutzen dugu eta horrek ere pista asko ematen dizkigu. Elkar elikatzen dugu eta proposamenak egiten dizkiogu batak besteari. Adibidez, 35 urtetik aurrera emakume batek bikotekiderik ez badu, gizarteak arraro begiratzen duela dio Mirarik, eta nik erantzuten diot elkarbizitzak ez duela dena konpontzen, badituela bere arazoak, eta hortik ikuskizuna bera josten hasten gara. Klabe berdinean hitz egiten dugu, eta horrela zukutzen dugu gaia. Barre eginarazi nahi dugu, ondo pasatu nahi dugu, umorearen betaurrekoak ipinita, ez betaurreko moreak bakarrik. Ikuskizuna amaitu eta gero, hausnarketa txiki bat egiteko gogoarekin itzuli nahi izaten dugu. Eta horretan plazandrea izateak badu bere eragina, bai. 

Hainbat bider errepikatu duzue emanaldiak ez direla emakumeentzat bakarrik. 
Ulertzen dut jendeak emakumeentzat direla pentsatzea. Erreferentziarako puntu amankomunak izateak beti errazten du umorea egitea, eta gu bi emakume izanda, agerikoa da emakumeekin lotura zuzena dugula. Baina ez da hori bakarrik. Umorea denentzat da, emakume zein gizon. Gizonezko gutxiago etortzen da, bai, baina ederki pasatzen dute. Hori ere bada aldarrikapen bat; hau da, kartelean bi gizonezko ikusten ditugunean umorea egiten, denentzako umorea da, baina bi emakume ikusten ditugunean, ematen du emakumeentzako umorea dela. Hau da, gizonezkoena neutroa da eta emakumezkoena markatuta dago. Kontuak asko aldatu beharko luke. Baina gustura nago, plazak beharrezkoak ditugulako modu ez katartikoan barre egiteko. Baina jendeak ez dezala pentsa emakumezkoentzat egiten dugula umorea bakarrik. Ausartu daitezela etortzera, ondo pasatuko dute eta. 

Publikoaren aldetik, igarri duzue aldaketarik gaitegiagaz?
Bai. Zazpi urte daramatzagu hau egiten, baina ez da aldatu gure lanagatik bakarrik. Alde horretatik, gizarteak berak ere aurrera egin duelako baizik, zorionez. Orokorrean, jendeak oso ondo hartzen du, eta irekiera bat nabaritu dugu. Herritik herrira ere aldatzen da; herri txiki batzuetan sorpresa handiagoa hartzen dute, baina hau guztia normalizatzeko jende askok lan egiten du, eta nabaritzen da. 

Eta sortzaile modura, geroago eta emakume gehiago ikusten duzue plazetan?
Bai. Bakarrizketa munduan neska gehiago dago orain, eta hori zoragarria da. Gizarte modura, beharrezkoa dugu emakume gehiago ikustea alor guztietan, lehen lerroan egotea, sortzen zein beste era bateko lanak egiten, euskarak ere behar duelako. Bi ardatz horietan lan egin behar da. Euskarak emakume sortzaile gehiago behar du, eta poza ematen du hori horrela dela ikusteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!