Durangoko klasikoak munduko txirrindularirik onenetarikoak ekarriko ditu bihar

Anboto 2024ko mai. 13a, 20:00

Ane Santesteban iaz, San Juan de Momoitiorako aldapa gogorrean.

Munduko txirrindularirik onenetarikoak eskualdeko errepideetan ikusteko aukera eskainiko du Durango-Durango Emakumeen Laboral Kutxa Sariak.

12 herrialdetako 26 talde etorriko dira. Euretariko zazpi World Tour mailakoak dira, Movistar nafarra kasu. Gainerako taldeen artean, Laboral Kutxa eta Zatika Team euskaldunak eta Eneritz Iturriaga abadiñarrak gidatzen duen Eneicat nabarmendu daitezke.

Lasterketa Durangoko Ezkurdin hasi eta amaituko da. Txirrindulariak 15:00etan irtengo dira eta azken urteetako ibilbide bera egingo dute. 113 kilometrotan zehar lau bider egingo dute Miotako itzulia. Azkenengo itzuliaren ondoren helduko da zale guztiek itxaroten dutena: San Juaneko horma. Makur-makur eginda, ziklistek %18ra arteko aldatsak igo beharko dituzte. Han aldea hartzen duenak eskuan izango du garaipena, helmuga kilometro gutxira dago eta.

Iazko esperientzia errepikatuz, aurten ere lasterketa Interneten jarraituko ahal izango da: Youtubeko Sportpublictv kanalean, hain zuzen ere.

Trafikoan mozketak

Lasterketak herriguneko trafikoari eta aparkatzeko guneei eragiten die. Durangoko Udalak ohar batean jakinarazi ditu hartuko diren neurriak:

Aparkatzeko murrizketak:

  • Sanagustinalde, Barandiaran eta Zumalakarregi kaleetan ezin izango da aparkatu maiatzaren 12ko 22:00etatik maiatzaren 14ko 19:00etara.
  • Ermodo eta Galtzareta kaleak: kale horiek aparkatzeko libre egongo dira maiatzaren 13ko (astelehena) 20:00etatik maiatzaren 14ko (asteartea) 19:00etara.

Trafiko-mozketak:

  • Gasteiz bidea, Galtzareta eta Pinondo kaleak itxita egongo dira maiatzaren 14ko 12:00etatik 17:30era.
  • Horrez gainera, antolakuntzatik jakinarazi dutenez, 17:30etik 18:00etara Madalena inguruko zirkulazioa geratuko dute txirrindulariak helmugaratzeko. N-634an, txirrindulariak Goiuriara igotzera doazenean Iurretako biribilgunea itxiko dute, ziklistak igaro arte.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!