“Azken urteetan lan pertsonal handia egin dut neure emozioekin. Dokumentalak lanketa horretan lagundu dit”

Joseba Derteano 2024ko mai. 2a, 14:30

Ourdaybi elkarteak Mendi Film jaialdia antolatu dute biharko. 19:00etan izango da, Durangoko San Agustin kultur gunean, eta sarrera doakoa da. Bertan Alex Areizagaren (Zumarraga, Durangon bizi da, 1984) Itzalak dokumentala eskainiko dute, eta baita Abriendo camino izenekoa ere.  Azken hori Espainiako Alpinismoko Emakume Taldearen inguruko lana da eta Jordanian eta Saudi Arabian eskalada bide berriak zabaltzen eginiko grabazioa biltzen du. 

Hainbat mendizalek bizkarrean daramaten motxila ikusezinaren barruan arakatzen utzi diote Alex Areizagari eta prozesu horretan azaleraturiko sentimenduekin osatu du bihar Durangon ikusgai egongo den 'Itzalak' dokumentala.

Dokumentala ez da igoera baten kontakizuna. Hori baino sakonago arakatu duzu, mendigoizaleen sentimenduetan.
Dokumentalak bizitzan zehar daramatzagun motxila ikusezin horien inguruan hitz egiten du: beldurrak, desioak, zalantzak, oroitzapenak… egunero gurekin daramatzagunak. Ezin dira ikusi baina haien zama sentitzen dugu. Eta mendiak oso ondo irudikatzen du hori guztia. Mendi garaietan gora doanean, mendizaleak motxila astuna darama soinean, eta ez materialarekin bakarrik. Gauza ikusezinen zama ere igotzen du mendian gora. Gainera, mendian denbora asko dago pentsatzeko. 

Nondik etorri zaizu ideia?
Azken urteetan lan pertsonal handia egin dut neure emozioekin. Dokumentalak lanketa horretan lagundu dit. Nire barne prozesu baten isla ere bada. Lagun batek esaten dit nire lanetan neuri buruz hitz egiten dudala, zeharka bada ere. Batzuetan, soinean daramagun motxila ireki eta barrura begiratu beharra dago. Denoi tokatzen zaigu bizitzako uneren batean edo bestean. 

Nortzuk dira dokumentaleko protagonistak?
Bi protagonista nagusi daude: Joseba Iztueta eta Andoni Ormazabal. Iztueta mendizale gabiriarra Elurretako Lehoinabarra proiektua egiten ibilitakoa da. Sasoi bateko Sovietar Batasuneko bost mendirik garaienak igotzean datza proiektua. Hori egin duen euskaldun bakarra Xabier Ormazabal urretxuarra da. 22 urterekin lortu zuen, eta 23 urterekin hil egin zen, Cho Oyu mendia jaisten zebilela. Andoni bere anaia da. Bizitzaz, pertsonez eta beldurrez hitz egiten dugu eurekin. Esaterako, Andonik anaiaren heriotzaren itzal hori zelan kudeatu duen azaltzen du. Bestalde, Iztuetak erreskate batean parte hartu zuen, Elurretako Lehoinabarra proiektuaren barruan. Laguntzeko modurik izango ote zuen ziurgabetasuna, akaso hildakoak zeuden pentsamendua… Egoera horrek bere motxilan arakatzeko bidea ematen dio. Gero, euren bien hausnarketei beste batzuenak gehitzen zaizkie dokumentalean zehar, motzean bada ere: Reinhold Messner, Nives Meroi, Romano Benet eta Juanjo San Sebastian alpinistenak.

Eta hauei guztiei konfesatoki moduko bat zabaldu diezu, barrua husteko aukera emanda.
Egia esanda, oso elkarrizketa politak irten dira, oso gustura geratu gara. Esaterako, Andoni sarritan entzun dut bere anaiari buruz hitz egiten, baina ez dokumentalean bezala. Gero, interesgarria da ikustea elkarrizketatu bakoitzak bere bidea nola hartzen duen. Esaterako, Messner beldurraz aritu zen. Beldurrik handiena, mendian bertan baino gehiago, mendira joan aurretik pasatzen duela kontatu zigun, gaizki irten daitekeen guztia errepasatzen hasten denean. 

Zer iruditu zaie dokumentala protagonistei?
Andoni emozionatu egin zen ikusi zuen aurreneko aldian, eta Iztuetari ere asko gustatu zitzaion. Oro har, oso inpresio onak heldu zaizkit ikusleen partetik ere. Doluarekin laguntzen duela esan didate, Andoni doluaren kudeaketaren gainean ere ari delako dokumentalean. Denok ditugu geure doluak, eta jendea une batzuetan identifikatuta sentitu da dokumentalean kontatzen denarekin. Horrek konpentsatu egiten du egindako lan guztia. Azken batean, nire denbora librean egindako lan bat izan da, mendiko lagunekin egindakoa. Gattiken ekoiztetxean ere banabil, eta haren bidez egin dut. Eta ez nuke ahaztu nahi Egoitz Bengoetxea argazkilariaren laguntza. Proiektua nola errematatu ez nekien momentu batean bere etxera joan nintzen, eszena guztiak post-it batzuetan idatzi eta ordenatu genituen, eta dokumentalak gorputza hartu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!