Bidezabal eta DKT atletismoko Lehenengo Mailari eusteko borrokan ari dira

Anboto 2024ko api. 15a, 10:32

Lehenengo jardunaldia izan dute asteburuan.

Bidezabal eta Durango Kirol Taldea urteko sasoirik garrantzitsuenetakoan murgilduta daude. Joan zen asteburuan kluben arteko Espainiako Atletismo Txapelketari ekin zioten. Talde biak Lehenengo Mailan dabiltza: Bidezabal emakumeetan eta DKT-k gizonetan. Talde biek mailari eustea dute helburu.

Bidezabalek Durangoko atletismo pistan lehiatu zuen lehenengo jardunaldia. Lau talde batu ziren bertan. Durangarrek hirugarren geratzea zuten helburua, baina azkenean, ozta-ozta bada ere, laugarren geratu ziren. Bidezabalek 151 puntu batu zituen eta Intec-Zoitl taldeak 153. Euren aurretik Cornellá (207) eta Oviedo (171) sailkatu ziren. Guztira 16 talde daude Lehenengo Mailan. Gainerako taldeak Valladolid, Madrid eta Elx-en lehiatu ziren. Jardunaldi guztiak kontuan hartuta Bidezabal azken laugarrena da sailkapenean. Durangoko klubak baino puntu gutxiago batu dituzte Barrutia (128,5), UCAM-Cartagena (143,5), eta Juventud Atletica Elche (150) taldeek.

Durango Kirol Taldeak Xixonen ekin zion txapelketari. Lau talde aritu ziren lehian eta DKT-k hirugarren amaitu zuen 175 punturekin. Gutxi falta izan zitzaion Universidad Oviedoren bigarren postua eskuratzeko: 178,5. DKT-ko atleta bi lesionatuta zeudenez, erreleboetako taldea moldatu egin behar izan zuten eta beharbada hortxe egon zen aurrerago ez amaitzeko gakoa, erreleboko probak euren indargune nagusienetakoa direlako. Bestelakoan, nabarmentzekoa da Eneko Lambarrik 400 metroko hesien proban lortutako bigarren postua. Lehen jardunaldiaren ostean DKT sailkapenaren erdian dago. Baieztapen ofizialaren faltan, hurrengo jardunaldia maiatzaren 4an izango da, Madrilen.

Lehen jardunaldiko emaitzak LOTURA HONETAN ikusi daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!