[BIDEOA]: Larrinagatxu errekastoa desbideratu dute Aramotzen

Aitor Ruiz / Ekaitz Herrera 2024ko ots. 15a, 13:13

Goizak egunero ikusten ez den irudi bat utzi du Durangon. Aramotz auzoaren kale bazterrak azpialdetik zeharkatu izan dituen Larrinagatxu errekastoak beste ibilgu bat du gaurdanik. Errekastoak urbanizazioa zeharkatu barik, inguratu egingo du.

Eguerdi honetan gauzatu dute desbideraketa, obrako langileen eta traktoreen bitartekaritzagaz. Eta hantxe izan dira Durangoko udal arduradunak, Aramotz auzo elkarteko kideekin batera. Mireia Elkoroiribe alkateak "garrantzitsutzat" jo du gaurko eguna. Errekastoa desbideratzea "funtsezkoa" dela esan du, eta auzoa berritzeko proiektuaren markoan kokatu du jarduketa, horrek bizilagunen "bizi kalitatea hobetzea ekarriko duelako". Alkateak zehaztu du errekastoa desbideratzeko lanek 2.000.000 eurotik gorako inbertsioa izan dutela, eta hori guztia Durangoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunetik iritsitako Next Generation diru funtsen bitartekaritzagaz egin dela. Era berean, Aramotz auzo elkarteko kideen urteetako ekina aitortu du Elkoroiribek: "Urteak daramatzazue auzoa hobetzea eskatzeko borrokan. Lan asko dago egiteko, baina bide onetik goaz".

Sara Oceja alkateordeak desbideraketa gauzatzeko lanetan izandako gorabeheren berri eman du. "Ezusteko ugari izan dugu. Batetik, aspaldiko eraikuntza zaharren arrastoak agertu zaizkigu. Bestetik, telefono linea batekin egin dugu topo, eta tentsio erdiko argindar linea bat ere lokalizatu dugu. Hor zeudenik ere ez genekien elementuak dira", azaldu du. Horiei irtenbidea eman eta gero, iragazkortasun lanak egin dituzte, besteak beste, sareak hobetuta.  

Errekastoaren desbideraketatik at, auzoa berrurbanizatzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Etxebizitza bloke batzuk itxura berritua dute, fatxada eta balkoi berrituekin. Aramotz Berritu proiektuaren parte hartze prozesua 2016-2017 ikasturtean gauzatu zen. Lan guztiak 2025eko urrirako amaitzea gura dute agintariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!