Irigoras: "Garaia da egia bere osotasunean jakin ahal izateko"

Anboto 2017ko uzt. 18a, 11:00

1937ko martxoaren 31n hasitako bonbardaketaren egileen aurka kereila kriminala aurkezteko eguna heldu da.

Heldu da kereila aurkezteko eguna Durangon, kolpe militarraren urtemugan aurkeztua. "Garaia da egia bere osotasunean jakin ahal izateko, etaaldi berean  justizia eskatzeko", adierazi du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak prentsaurrekoan. Alkateagaz batera, Anaís Franquesa abokatua -Bartzelonako kereila ere landu du- eta Andoni Barreña Durango 1936 Kultur Elkarteko kideak parte hartu dute prentsaurrekoan.

"Gaurko kereila urrats bat da, gure justiziak 80 urtetan ez baitu ikerketarik egin", adierazi du Andoni Barreñak. Bestalde, erasoaren planifikatzaileen aurka ezin dutela egin esan du Barreñak, eta horren ardura zein arazoa justizian dagoela dio. Gainera, gaurko keireila, "gizarteriaren aurkako krimenagatik" dela adierazi du, eta justiziak ikertzen jarraitu beharko lukeela. Horrez gain, gaurko aurkezpenean Otxandio eta Elorrio ere gogoan izan ditu Durango 1936 Kultur Elkarteko kideak eta Durangoko elkarteei kereilagaz bat egiteko gonbita luzatu die.

Anais Franquesa abokatu katalanak, berriz, "dudarik gabe gizateriaren aurkako krimena" izan zela azpimarratu du, eta horregatik ezin dela ez ikertzeko aitzakirik egon. "Gizateriaren aurkako krimena denez, ez da preskribitzen", azpimarratu du Franquesak. Horrez gain, ikerketa honek piloturik bizirik ote dagoen argitu beharko duela adierazi du abokatuak.

Bestalde, Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kidea pozik agertu da aurrerapausoak ematen ari direlako. "Duela 30 urte lehen oroimen ekitialdia egin genuenean askok zorotzat hartu gintuzten", adierazi du Gerediagako kideak.

Hainbat politikarik bat egin dute kereilagaz

Prentsaurrekora hainbat izan dira hurbildutako politikariak: Maddalen Iriarte, Jasone Agirre, Julen Arzuaga eta Aitor Lopez EH Bildukoak, David Latxaga EAJko parlamentaria eta Ander Gorrotxategi EAJko Durangoko juntako parlamentaria, Neskutz Rodriguez Podemoseko batzarkidea, Urtzi Armendariz Otxandioko alkatea, Lorea Muñoz Izurtzako alkatea, Gontzal Sarrigoitia Garaiko alkatea eta Aratxu Uriarte Elorrioko zinegotzia, besteak beste. Gainera, Elorrio eta Zaldibarko memoria historikoaren aldeko elkarteetako kideak ere bertaratu dira. Bestalde, Fran Garate PPko zinegotziak ez du parte hartu prentsaurrekoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!