Rafael eta Salvador Amor aita-semeen ahots indartsuak izango dira entzungai, Durangon

Itsaso Esteban 2017ko mai. 18a, 13:21

Amor con amor. El padre, el hijo y el espíritu canto izenburuko emanaldia eskainiko dute Rafael Amorrek (Buenos Aires, 1948) eta Salvador Amor (Madril, 1980) haren semeak, gaur, 21:00etan, Durangoko Plateruenean. Aita-seme kantautoreen ibilbideko kantak izango dira entzungai, Durangoko kafe antzokiko saioan.

Orain lau hamarkada idatzitako aldarrikapen letrak, zoritxarrez gaur egun oraindik ere zentzuz beterik daudenak, kantatuko ditu Rafael Amor argentinarrak, Durangon.

Duela 40 urte No me llames extranjero diskoa kaleratu zuenetik aldarrikapena eta samurtasuna eskaini izan ditu bere kontzertuetan Amor aitak. Politikoki konprometituriko kantautorearen sentsibilitatearen erakusle da Mercedes Sosa abeslariagaz egin zuen Corazón libre kantaren bertsio gogoangarria, besteak beste.  

Katea ez da eten
Bihar Durangoko Plateruenean eskainiko duen emanaldian Salvador semeagaz jardungo da Rafael Amor: bi musikarien belaunaldietako poesiak eta kantuak izango dira entzungai Amor aita-semeen ahotsean. Bakoitzak bere bidetik, biek egin duten ibilbideko kantez osaturiko errepertorioa eskainiko dute Plateruenean.

Bakarka zein beste musikari batzuek lagunduta aritzen da Salvador Amor musikaria. 2010. urtean Rojo Cancionero y Banderas Rotas taldea sortu zuen Gabriel Ortega kideagaz, Madrilen. Belaunaldi desberdinetako kanta aldarrikatzaile eta koprometitu ezagunen bertsioak eskaintzen dituzte Rojo Cancionero taldekoek euren kontzertuetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!