4 milioi euroko inbertsioa eginda, San Faustoko obrak amaitzen doaz

Anboto 2017ko mai. 13a, 11:00

2015eko urrian hasi zituzten udalak sustatutako lanak, eta 18 hilabete eta gero, Durangoko San Fausto auzoak itxura berria du. 3,9 milioi euro inbertitu dituzte guztira. Batez ere zerbitzuak konpontzen egin dute lanik handiena: ur sarea, argindarra, gasa... Horretarako, "auzoa osorik altxatu" behar izan dutela azaldu du Igor Zorrakin udal arkitektoak. 

Obra horiez gainera, auzo "atseginagoa eta irisgarriagoa" bilakatzea ere bazen udalaren helburua. Espaloiak zabaldu dituzte, atarietarako sarbideak erraztu, argiztapena hobetu, umeen jolas parkea berritu, autoen aparkalekua konpondu, etorkizunean etxeetan instalatuko diren igogailuentzat eremuak prestatu, trafikoa murrizteko norabideak aldatu...

Aitziber Irigoras alkateak eta Pilar Ríos alkateordeak nabarmendu dute proiektua auzotarren iritzia ezagututa eraman dutela aurrera. Datozen urteetan, udalak erositako Kapitanena baserria auzorako egokituko dute barrutik, eta hori ere elkarteekin adostuko dutela esan dute. Orain, momentuz, baserri ingurua ipiniko dute erabilgarri, datozen hileetan garatuko den obragaz. 

Auzotarren iritzia
San Faustoko bizilagunek aspalditik eskatu izan dute auzoan hobekuntzak egitea. Obra handi eta luze hau eragin handikoa da bertan, eta oraindik emango du zeresana. Prentsarako egindako erakusketan zehar, adibidez, zenbait auzotar hurreratu dira iritzia ematera. Etxean hezetasunak agertu zaizkiola ohartarazi du batek, eta errepidean arrakala sortu dela ere bai beste batek. Kexez aparte, obragaz pozik dagoela azaldu du beste bizilagun batek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!