Bihar hasita, San Trokaz jaiak gozatzeko zazpi egun, Zelaietan

Itsaso Esteban 2017ko mai. 11a, 13:43

Txistularien eta dantzarien ekitaldiagaz eta Gerbasen kalejiragaz hasiko dituzte, bihar, 20:00etan, Zelaietako San Trokaz jaiak. Asteburu honetarako eta hurrengorako, zein aste bitarterako ere gustu guztietarako ekintzak antolatu ditu Jai Batzordeak.

Jaietako eraso sexisten aurka abiatu duen sentsibilizazio kanpainagaz jarraituta, Beldur Barik Gunea ipiniko du udaleko Berdintasun sailak. Astelehenean, Txanporta plazan atonduko dute informazio gunea, eta 17:00etatik 18:00etara egongo da zabalik.

Haur eta gaztetxoendako hainbat ekintza antolatu ditu, esaterako, Jai Batzordeak; zapatuan 11:00etan, ume eta gazteen bizikleta martxa abiatuko dute, Txaporta plazatik; 8 eta 14 urte artekoentzat disko festa egingo dute, domekan, 18:00etan; astelehenean, Walkman antzezlana izango dute ikusgai, 17:00etan; eta Markeliñeren Crusoe, maiatzaren 19an, 17:00etan. Egun horretan, publiko helduari zuzenduriko antzezlan bat ere izango da ikusgai; Jainko Basatia eskainiko du Txalo Produkzioak taldeak, barikuan, 19:00etan.

Musikazale eta dantzazaleentzat ere aukera zabala izango da datozen egunetan, Zelaietako jaietan. Maiatzaren 20an, Bultz eta Tooth taldeek kontzertua eskainiko dute Txanporta plazan; astelehenean, San Trokaz egunean, Oxabi taldeagaz erromeria izango da; eta Laket taldea arituko da 20an.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!