‘Koloretako munstroa’ ipuinetik sortutako obra, musika eskolan

Itsaso Esteban 2017ko mai. 11a, 14:00

Peru Magdalenaren jarraibideekin ibili dira, asteon, azken entseguak egiten.

Ana Tere Maestro eta Eunate Zarrabeitia biolin irakasleen aspaldiko ideia gauzatu, eta Koloretako munstroa ipuinean oinarritutako ikuskizuna sortu dute Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasleek. Peru Magdalena idazle durangarraren eta Haritza Rodriguez aktore zaldibartarraren laguntzagaz sortu dute ikuskizuna, eta bihar egingo dute estreinaldia.

Durangoko eta Iurretako 5 urteko geletako umeentzat hiru emanaldi eskainiko dituzte, musika eskolako aretoan, bihar eta maiatzaren 17an. Gogotsu daude sortzaileak ikuskizuna publikoari eskaintzeko. “Umeak ikusle zorrotzak dira, gustuko badute giro polita sortuko da, eta horrela ez bada, oso agerikoa izango da”, azpimarratu du Eunate Zarrabeitia irakasleak.

Haritza Rodriguez zaldibartarragaz, biolina, txeloa eta pianoa jotzen duten musika eskolako hamahiru bat gazte izango dira oholtzan. Rodriguezek egingo du antzezpen lana, eta beragaz elkar eragiten eta zuzeneko musika jotzen arituko dira 13 eta 17 urte arteko musikariak. Emozioei lotutako argiztapen berezia izango du oholtzak ikuskizunerako.

Bost emozio
Koloretako munstroa ipuinean oinarrituriko bost emozio oinarri hartuta Haritzak sorturiko antzezpena da ikuskizunaren haria”, azaldu du Peru Magdalenak. “Ikuskizunagaz, eskoletan emozioen inguruan berba egin dezaten bidea ematen saiatu gara”, azaldu du Magdalenak. Emozio desberdinak identifikatu eta berauek kudeatzen ikasteko proposamen pedagogiko bat ere izan gura du ikuskizunak.

“Bost emozio horiek iradokitzen dituzten musikak joko dituzte orkestrako kideek”, gehitu du Zarrabeitiak. “Ez ditugu oso ezagunak diren doinuak aukeratzen”, azaldu du biolin irakasleak errepertorioaz, “badaude parte batzuk eskolako ikasleek eurek sortutakoak, moldaketak dira beste batzuk...”.

Ikuskizunari forma ematerakoan oso ondo konpondu direla diote Magdalenak, Rodriguezek eta Zarrabeitiak. “Oso pozik gaude esperientzagaz, asko ikasi dugu elkarrengandik, heldu zein gazteek”, diote. “Oso prozesu aberasgarria izan da parte hartu dugun guztiontzat; ikasleek sortzaile profesionalekin lan egiteko aukera paregabea eduki dute, eta gauza asko ikasteko aukera eskaini die sorkuntza prozesuak”, esan du Zarrabeitiak. Oraingoan egin dugun bezala, proiektuka lan egitea da Zarrabeitiaren ustez eskolan ikasitakoan sakontzeko modua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!