Bidaia izan da laugarren Hitzez eta Ahotsez literaturzaleen ekimenean hartu duten gaia, eta bidaien inguruko testuak izango dira maiatzaren 5eko ekitaldiaren ardatza. Hainbat idazlek argitara emandako poema zein narrazioak irakurriko dituzte parte hartuko duten herritarrek. Karmele Igartuak, Felipe Juaristik, Castillo Suarezek, Kattalin Minerrek, Pako Aristik edo Harkaitz Canok idatzitako pasarteak hartuko dituzte ahotan, esaterako. Gainera, beraien lanak ezagutzera emango dituzte izena eman duten hainbat sortzailek.
Talde anitza osatuko dute ekitaldian parte hartzeko izena eman duten herritarrek, bai jatorriari, adinari eta baita ideologiari dagokionez ere. 15 eta 85 urte arteko partaideak izango dira irakurraldian. “Denentzat egongo da lekua Platerueneko teilatupe zabalean”, azpimarratu du Hitzez eta Ahotsez antolatzen duen taldeko Marisa Barrena durangarrak.
Durangaldeko herri guztietako irakurleei, Bilbotik, Eibartik eta Gasteiztik etorritakoak batuko zaizkie, eta aurten, lehenengoz, Arratiako ordezkaritza bat ere arituko da. Aurreko urteetan bezala, euskara ikasten zein irakasten dabiltzan hainbat lagun ere badabiltza ekitaldirako irakurketa entseatzen.
Ekimen herritarra da Hitzez eta Ahotsez, eta sei lagunek antolatzen dute. Hainbat norbanakok eta eragilek kolaboratzen du seikote horregaz, eta horiei guztiei esker ona adierazi diete antolatzaileek.
Otsailean hasi zuten Hitzez eta Ahotsez ekimenaren laugarren edizioa, eta hainbat idazleren lanak berbagai hartuta beste bi solasaldi dialogiko egin dituzte ordutik hona.