Dantzaren nazioarteko egunagaz bat egingo dute, bihar, Durangon

Itsaso Esteban 2017ko api. 28a, 12:30

Zazpigarren urtez ospatuko dute Dantzaren Nazioarteko Eguna, Durangon. L’Atelier dantza eskolak Durangoko Udalaren, San Agustin kulturgunearen eta Turismo bulegoaren babesagaz antolatu du biharko nazioarteko egun horregaz bat egiteko egun osoko egitaraua.

Herriko hainbat gunetan goizetik iluntzera arte egingo dituzten dantzari loturiko ekitaldietan 400 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute. 10:30ean izango da eguneko lehenengo ekitaldia, eta 20:00etan hasiko dute azkena. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “dantza, festa-giroa eta musika izango dira protagonista nagusiak bihar, Durangon”.

Landako Gunean, Sanagustinalden eta Plateruenean egingo dituzte Dantzaren Nazioarteko Eguneko ekitaldiak. Ekitaldirik gehienak Landako Gunean izango dira, eta, hain justu ere, han izango da eguneko lehenengo ekintza: umeentzako zirku, dantza, maskara eta makillaje tailerrak egingo dituzte, 10:30ean. Ondoren, 11:30ean, L’Atelier balletaren saioa izango da, eta Sanagustinalderaino kalejiran joango dira, 13:00etan han ballet barra emanaldia eskaintzeko.

Aurreko urteetan bezala, dantzariak eta beraien senitarteko eta lagunak bazkaltzera elkartuko dira Plateruenean, eta L’Atelier balletak Grease musikala eskainiko du kafe antzokiko oholtzatik, 16:30ean.

Hasitako lekuan amaituko dute eguna: Landako Gunean, dantza eskolako taldeen estilo desberdinetako emanaldiak izango dira ikusgai, 18:00etan. Ondoren, jaiari amaiera emateko, DJak ipinitako musikagaz hainbat dantza estiloko norgehiagoka egingo dute. Break dantza, funkya, jazza eta balleta izango dira ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!