Andaluziako Feriak kolorez eta jai giroz beteko du Landako Gunea

Markel Onaindia 2017ko api. 27a, 15:00

Euskaldunen eta andaluziarren arteko topikoez harago, badago sustraitutako komunitate bat eguneroko lanagaz kulturartekotasuna sustatzen duena. Durangoko Andaluziarren Zentroak urteak daramatza ekintzak antolatzen, eta horien artean dago maiatzaren 5etik 7ra bitartean garatuko den Andaluziako Feria. Kolorez eta jai giroz beteko dute Landako Gunea.

Cristina Luengo andaluziarren zentroko presidenteak eman du egitarauaren berri gaurko aurkezpenean. Hilaren 5ean 19:00etan zabalduko dituzte ateak, eta Kriskitinegaz batera ospatuko den inaugurazioaren ostean, Vamo A Ecuchá taldearen kontzertuagaz hasiko dute jaia. Zapatuan, 12:30ean, Durangoko ume dantzarien taldeek ikuskizuna eskainiko dute. 17:00etatik aurrera, jantzien desfilea, kulturarteko  dantzen jaialdia edota sevillana lehiaketa egingo dituzte. Domekan, 12:30ean, andaluziarren zentroko taldeen emanaldian 40 bat lagun igoko dira taulara.

Aitziber Irigorasek zentroak urte osoan burutzen duen lana nabarmendu du, “durangarrek durangarrentzat” egindakoa. Pilar Ríos alkateordearen esanetan, “udalarentzat ohorea da feriaren kolaboratzaile izatea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!