Izan ere, Arte eta Historia Museoaren arduradunek azaldu dutenez, martxoaren 30ean —Durangoko bonbardaketaren 80. urteurrenaren bezperan— inauguratu zutenetik, 1.200 bisita jaso ditu erakusketak. Gainera, bete egin dira eskaini dituzten bisita gidatu guztiak, eta itxaron zerrendak ere sortu behar izan dituzte. Museoko arduradunek azaldu dutenez, martxoaren 31n eta apirilaren 1ean jaso zuen Museoak bisitari kopuru handiena.
Pablo Picassoren Francoren ametsa eta gezurra bildumako grabatuak biltzen ditu erakusketak, Gernika obra ezaguna osatu aurretik eta ostean Picasso sortutako obrak. Gainera, Gernika koadroaren hiru fakzimil, eta Josep Renau Errepublikako gobernuaren Arte Ederren arduraduna izan zenak buruturiko estanpa bat ere badaude Durangoko Museoan ikusgai.
Bisita gidatu gehiago
Erakusketa bisitatu ahal izateko aukera hilabete baino gehiagoz luzatzeaz gainera, Picasso: Durangotik Guernicara erakusketara gerturatzeko beste hiru bisita gidatu ere eskainiko dituzte, maiatzaren 9an, 16an eta 30ean.
Horrez gainera, ikastetxeetatik bisitan doazen taldeekin ekintza bereziak eta 4 eta 11 urte arteko umeentzako tailerrak ere egingo dituzte —maiatzaren 18an eta 23an. Bestalde, Rosalinda Incardonaren eskutik grabatu tailerra izango da maiatzaren 24an, eta komikigintzari buruzko berbaldia eskainiko dute Unai Iturriagak eta Alex Sanvik, maiatzaren 16an.