Gazteentzako alokairu sozialerako plan bat sortzea onartu du udalak

Markel Onaindia 2017ko api. 26a, 12:43

Luisa Oleaga eta Ane Amantegi Zabalduko Ditugu mugimenduko kideak.

Durangon ia 1.500 etxe hutsik dauden bitartean, hainbat gaztek emantzipatzeko laguntza eskatu dute. Bada, gazteentzako alokairu sozialerako plan bat sortzea onartu du udalak, Zabalduko Ditugu mugimenduak aurkeztutako mozioa babestuta. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten osoko bilkuran, PPk izan ezik.

Gazteek hiru proposamen nagusi egin dituzte: udalaren etxe hutsak alokairu sozialera bideratzea, banketxeen etxe hutsekin programa bat sortzea eta udala bitartekari izatea gazteen eta etxejabe diren herritarren artean. Horrez gainera, alokairu sozialerako baldintza batzuk proposatu dituzte; besteak beste, gehienez 125 euroko alokairua ordaintzea eta lan kontraturik beharrezko ez izatea. Eurena, “sektore bereziki prekarizatua” dela diote.

Baldintza horiek guztiz ez dituztela onartzen ohartarazi zuen Pilar Ríos alkateordeak (PSE-EE) gobernuaren izenean, baina aurrera begira lanean jarraitzeko asmoagatik mozioa babestu dutela. Bestalde, BBKgaz hitzarmen baterako tratuan daudela aurreratu zuen, baina oraindik ez dagoela ezer lotuta. Udalak etxejabe eta eskatzaileen arteko bitartekaritza programa bat hasi zuen iaz, baina ez zen ondo atera; soilik etxe bi sartu ziren, Jon Bingen Landabidearen (EH Bildu) esanetan.

7 etxe Faustegoienan
Orain, onartutako planaz gainera, Faustegoienako zazpi etxe 18 eta 35 urte artekoentzat alokairu sozialean ipiniko ditu instituzioak. Zabalduko Dituguko kideek ekimen horren araudian parte hartzea eskatu dute, argitu arren ez dela nahikoa gazteriaren beharrizanak asetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!