Sorrerako entrenatzaileekin hasiko dute ‘Errugbi Saltsa’

Joseba Derteano 2017ko api. 26a, 11:11

Durango Rugby Taldea 30. urteurrena ospatzeko menua prestatzen dabil. Maiatzaren 27a izango da jaiegun nagusia. Bitartean, menuari laguntzeko saltsa zaporetsua dastatzeko aukera egongo da. Datozen bost barikuetarako, bost hitzaldi-solasaldi antolatu dituzte ‘Errugbi Saltsa’ izeneko zikloan.

Hitzaldiak  Durangoko Rugby tabernan izango dira, 21:00etan. Zurruntasuna baztertuta, formatu ireki eta dinamiko baten aldeko apustua egin dutela adierazi du Jose Ignacio Azurmendi ‘Txusmen’-ek. Galdera batzuen ostean, bertaratzen diren denen arteko tertulia bihurtu gura dute hitzaldia. Istorio eta anekdotak gogoratuz, 30 urtez egindako bidearen garrantzia nabarmentzeko eta gaur egunera ekartzeko modua izango da.

Durango Rugby taldearen historian, sorreratik gaur egunera arte esanguratsuak izan diren entrenatzaileak izango dira hizlariak. Gizon eta emakumezko taldeen sorrerako entrenatzaileak gonbidatu dituzte aurreneko solasaldi bietarako. DRTren garapenean eragin sakona izan duten etxeko lagunekin zein kanpotik etorritakoekin jarraituko dute, eta azken hitzaldia gaur egungo entrenatzaileek emango dute.

HITZALDIEN ORDUTEGIA

GIZONEN TALDEKO HASIERAKO ENTRENATZAILEAK
Noiz: maiatzak 28, 21:00etan, Non: Rugby tabernan.
Gonbidatuak: Anton Mendizabal, Eduardo Fidalgo, Goretti Etxegibel eta Jose Ignacio Azurmendi.

EMAKUMEEN TALDEKO HASIERAKO ENTRENATZAILEAK
Noiz: maiatzak 5, 21:00etan, Non: Rugby tabernan.
Gonbidatuak: Iñigo Barrenetxea, Jokin Azpitarte, Iñaki Laskurain eta Virginia Sagarduy.

KANPOTIK ETORRITAKOAK
Noiz: maiatzak 12, 21:00etan, Non: Rugby tabernan.
Gonbidatuak: Iñaki Perez ‘Ortzi’, Peio Urkidi, Conchi Ramos eta Aratz Gallastegi.

ETXEKOAK
Noiz: maiatzak 19, 21:00etan, Non: Rugby tabernan.
Gonbidatuak: J.J. Milikua, Gotzon Gomez eta Ines Etxegibel.

ORAINGOAK
Noiz: maiatzak 26, 21:00etan, Non: Rugby tabernan.
Gonbidatuak: Oscar Astarloa, Kemen Goitiandia, Ricardo Acosta, Egoitz Uranga, Gorka Garate, Jon Goirigolzarri eta Mario Martin

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!