Ekitaldia antolatzeko, zergatik aukeratu duzue Gernika?
Julene Idoate: Gernikako eta beste hainbat udalerritako bonbardaketen 80. urteurrena delako sortu zen ideia. Gure herrietatik ihes egin behar izan zuten pertsonak gogoratu, eta gaur egun ere gerrarengatik ihes egin behar duten pertsonak daudela gogoratzeko. Gerrarik ez! eta baita Euskal Herria harrera herri aldarrikatzeko baliatuko dugu.
Isabel Rodriguez: Durango ere bonbardatu zuten, eta herritar asko beste herrialde batzuetara joan behar izan zen. Eta haiei harrera egin zieten. Beraz, Gernika eta Durango harrera herriak izan beharko lirateke.
Zelan joango zarete Gernikara?
Isabel Rodriguez: Zapatuan ideia da Euskal Herriko hainbat herritatik Gernikara heltzea, zutabea osatuta, inbasio isil bat lez. Oinez joango garenok Durangoko Andra Maritik 08:00etan irtengo gara Zornotzara joateko. Zornotzan hasi gura dutenek 10:15ean dute hitzordua, trenean joateko. Horrela, 11:00etan, Zornotzakoekin eta Lemoakoekin oinez joango gara. Bizikletaz 11:30ean Zornotzatik irten daiteke. Zugastietan bazkalduko dugu, eta 16:00etan Muxikan batuko gara, 17:00etarako Gernikan sartzeko.
Gernikara zelan sartuko zarete?
J.I.: Lea Artibai, Bilbo eta beste inguru batzuetako pertsonekin batuko gara aldi berean. Astratik martxa isila abiatuko dugu. Ondoren, ekintza politiko bat egingo dugu. Helburua da salaketa politikoa egitea. Gobernuaren geldotasuna salatu gura dugu. Hitzez gauza asko esan arren, ez dute mugimendurik egiten. Era berean, gerra gogoratu gura dugu, pertsonek zergatik egin behar duten ihes beraien herrialdeetatik. Edozelan ere, ekitaldi hunkigarria eta sinbolismoz betea izango da.
Martxa horren isiltasuna ere sinbolikoa izango da?
I.R.: Errefuxiatuen egoera isilean gertatzen ari da. Gertatzen ari dena hedabideetan azalean egon beharko litzateke egunero, eta ez da horrela. Egunero errefuxiatuak beraien etxeetatik irteten ari dira. Horregatik espero dut martxa masiboa izatea, eta honegaz kontzientziak mugituz pertsona hauen egoera aldatzea.
Ekitaldiaren ostean, zein egitarau egongo da?
J.I.: Kontzertuak eta zinea egongo dira. Gainera, lo egitera gelditu gura dutenentzat ere gune bat egokituko da. Boluntarioen sare zabal bati esker oso ondo planifikatuta egongo da. Horrela, zapatuko ekitaldiaz gain, gune bat sortu gura dugu eztabaidarako eta alternatibak sortzeko. Asteburuan aditu askok parte hartuko dute. Inaugurazio ekitaldian, esaterako, Piedad Cordoba egongo da. Kolonbiako bake prozesuan parte hartu du. Ildo horretatik, domekan tailerrak eta esperientzia mahaiak egongo dira.
Jendea mobilizatzea ez da erraza izaten. Sumatzen duzue errefuxiatuen egoerarekiko sentsibilizazioa?
J.I.: Gerraren kontra gaudela entzuten dut inguruan, baina gero kosta egiten zaigu mugitzea. Azpimarratu egin gura nuke ekitaldi hau berezia izango dela errefuxiatuen eskubideen alde denon indarrak batzeko. Herritar moduan ez bagara kexatzen, agintariek ez dute legerik aldatuko. Bestalde, gatazka honen oinarrian patriarkatua dago, eta konponbiderako alternatibak feminista izan behar du.
Durangora orain dela aste batzuk heldu ziren errefuxiatuen harreraren inguruan, zein balorazio egiten duzue?
J.I.: Plataforma oso anitza da, eta iritzi ezberdinak izan ditugu gai honen inguruan. Hala ere, oinarrizko puntu batzuetan adostasunera heldu gara. Uste dugu ez zela errespetatu pertsona hauen intimitatea, batez ere adin txikikoak egonda. Gai delikatua da, eta informazio kontrajarria kaleratu zen. Horrelako beste kasu batzuk badaude, zentzuz jokatzea eskatzen dugu.