Unzueta: “Adimen handiko pertsonen heren batek eskola porrota du”

Aitziber Basauri 2017ko api. 21a, 09:27

Argazkia: Lehior Elorriaga

EAEko biztanleriaren %0,1 inguru dira identifikatuta dauden adimen gaitasun handiko pertsonak. Portzentaje oso baxua da Inma Unzueta Aupatuz elkarteko kidearen esanetan. Hezkuntza sistema ez unibertsitarioan 6.800-17.000 ikasle dira adimen handikoak, baina “400era ez dira helduko antzemandakoak”. Hedatu diren mitoak asko direla dio. Senide baten goiztiartasunak sortu zion gai horrekiko ardura Unzuetari:"Hainbat esperientzia eta pertsona ezagutzeko aukera izan dut eta erabat aberasgarria eta dibertsoa izan den bidaian murgildu nintzen". Ume hauei hezkuntza sistemaren barruan erantzun bat eman behar zaiela uste du.

Adimen handiko umeen %98 ez daude identifikatuta, eta ez dute behar duten arreta jasotzen. Nola eragiten die honek?
Egoera sozioekonomikoa, familia, eskola, bere inguruan ulertua eta onartua den ala ez... baldintza askoren menpe dago umearen garapena. Ikerketek diotenez, adimen handiko umeen heren batek eskola-porrota izaten du, eta beste horrenbestek gai direna baino erredimendu baxuagoa dute.  Hori ere eskola-porrota kontsideratzen da, gai dira-eta gehiago emateko. Erdibidean geratzen dira. Erantzun egokirik jaso ez dutelako gertatzen da hori.

Garrantzitsua da ahalik eta goizen detektatzea?
Jakina. Eskola-porrotaz gain bestelako arazoak ere ekidin daitezke. Gerta liteke beste ikasleek ez onartzea, eta jazarpena ere sufritzea. Arraroak sentitzen dira, desberdinak direla ohartzen dira, baina ez dakite zergatik. Inozoak direla, gaixotasun edo atzerapenen bat dutela uste dute, eta guztiz kontrakoa da! Antsietatea edo depresioak izaten dituzte. Ume horien benetako profilak detektatuz gero, hau guztia ekidin daiteke.

Nola antzeman daitezke?
Arazo bat dago hemen. Izan ere, hori kamuflatzeko joera dute, neskek batez ere. Familia askok diote, etxean, konfiantzazko gunean, uneoro galdezka ari direla, galdera bitxiak egiten dituztela. Baina eskolan isilik egoten dira. Ez dute jakingura hori erakusten. Arraroak direla edo irakaslea haserretu dela ohartu, eta atzera egiten dute, ezkutatu egiten dira, jakin gura hori asetu gabe geldituz. Ezohiko bizkortasuna dute pentsamenduan, behin esanda ulertu eta barneratzen dute ideia, eta gelan gainerakoen erritmoari jarraitu behar badiote, gerta daiteke aspertzea, edo deskonektatzea. Pentsa daiteke ez dutela arreta jarri, eta ez da horrela.

Zer egin behar dute gurasoek?
Susmoa hartuz gero, tutorearengana jo behar dute. Horrek orientatzaileagaz edo aholkulariagaz egon beharko luke, harek irakasleekin eta Berritzeguneko arduradunekin hitz egin dezan. Susmoa benetakoa den jakiteko, proba batzuk egingo ditu umeak. Horrela izan beharko luke, baina ez da gertatzen. Hainbeste bitarteko egonda, eta gaiarekiko ezagutza hain eskasa izanik, itzelezko kalbarioa pasatzen dute gurasoek kasu askotan detekzioa egiteko. Gai oso ezezaguna da. Einstein txiki bat izan behar dutela uste dute askok, eta ez da horrela.

Hainbat mito hedatu dira?
Piloa. Gutxi gorabehera, biztanleriaren %10 da adimen handikoa, eta aurkitu gura den ‘Pitagoras txiki’ hori populazioaren %0,001. Muturreko kasuak kolektibo osorako adibide lez erabiltzen dira. Irreala da eta kalte egiten du: oso autonomoak direla, dena berez dakitela edo emaitza oso onak izan behar dituztela ematen du, eta presiopean sentitu daitezke. Antsietatea sor daiteke, blokeo egoera bat.

Kolektibo oso zabala da?
Goiztiarrak direnak daude. Adin bereko beste umeak baino bizkorrago ikasten dituzte hainbat gauza. Horiez gain,  talentu sinpleak —arlo batean bereziki onak direnak— eta talentu konplexuak —bi edo hiru arlotan bereziki onak direnak, gainerakoetan batez bestekoaren parean egon arren— daude. Talentu apartekoak ez dira bikainekoak arlo batean, baina arlo guztietan dira onak eta gaitasuna dute arlo desberdinak erlazionatzeko; ideia berriak sortzeko erraztasuna dute. Gero, muturrekoak leudeke. Jenioak. Einstein edo Mozart, besteak beste.

Gai ezezaguna da?
Bai. Duela hamar urte gai honetaz ezer ez nekienean ez nuen  inolaz ere pentsatuko, adibidez, sentikortasun berezia izateak edota justiziaren edo etikaren zentzumena oso garatuak izateak gai honegaz lotura izango zuenik. Honek ez du esan gura oso sentibera diren ume guztiak adimen handikoak direla, baina bai adimen handiko asko oso sentiberak direla. Susmatzen hasteko indizio bat izan daiteke. Ezjakintasuna oso zabala da.

Zu zeu nolatan hasi zinen gai honetaz arduratzen? oso gertutik bizi izan duzu gaia?
Familiako baten goiztiartasuna dela eta sortu zen ardura: heriotzaren kontzeptu abstraktua oso umetan barneratu izanagatik. Irakurtzen bere kabuz ikasteak eta zenbakiekiko kuriositate harrigarriak susmoak areagotzen lagundu zuten. Ikertzen hasi eta gutxira ikasle baten jarrera kritiko eta krisi existentzialaren aurrean nola jokatu ez jakiteak sakondu zuen nire jakin nahia. Beste ikasle baten antsietate krisiak, eta txikitan bullyinga jasan zuela ikusteak eskolak erantzun egokia eman behar duela argi ikustera behartu ninduen. Nahiz eta identifikazio ofizialik ez dauden azken zazpi urtetan ikasi dudanarekin bat datozen hainbat ikasle izan ditut: aspertzen direnak, errepikatu behar izan dutenak, tontakerietan ibiltzen direnak... eta erantzun egokirik emateko gai ez gara izan, momentuz behintzat. Arazoa haur eskolatik dator, eta arazoa larriagotu egin daiteke bigarren hezkuntzan. Bai familian, lanean, sare sozialetan ... hainbat esperientzia eta pertsona ezagutzeko aukera izan dut eta erabat aberasgarria eta dibertsoa izan den bidaian murgildu nintzen. 

Ze arreta behar dute ikasleok?  Hezkuntza arloan, zeintzuk neurri hartu beharko lirateke?
Oso bizkor ikasten dutenez, batzuetan bizkorrago joan daitezke, eta ikasturtea aurreratu dezakete. Baina bakoitzaren profil edo egoera ikusi behar da, horren arabera curriculuma egokitzeko. Dena den, irakasle, orientatzaile eta hezitzaileen formazioa ezinbestekoa da antzemateko eta nola erantzun jakiteko. Beharrezkoa da horien emaitza akademikoak hobetzeko. Lehen pausoa da.

Nola bizi dute euren izaera?
Ume edo heldu, euren izaeraz ohartzean lasaitua hartzen dute, bizipen pertsonaleko hainbat pasarte ulertuz. Puzzle batean lez, pieza denek bat egiten dute.

Zein da elkartearen helburua?
Familien beharrak asetu gura ditugu, laguntza eskainiz eta Hezkuntza Sailagaz bitarteko lana eginez. Tailerrak egiten dira, baina ume hauei hezkuntza sistemaren barruan erantzun bat ematea da helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!