Kurutzesantu Museoaren inguruko informazioa audiogidan jarri dute

Jone Guenetxea 2017ko api. 10a, 14:09

Bisita audiogidatuaren zerbitzua martxan da Kurutzesantu Museoan. Zerbitzu berri hau, aurretik Turismo Bulegoak bisitarientzat eskaintzen zuen audiogida zerbitzuari gehitutako audio pista bat da.

Irailean Turismo Bulegoa Kurutzesantu Museora lekuz aldatu zuten. Udalak prentsa oharrean azaldu duenez,  harrezkero, bai informazio turistiko eske eta baita Kurutziagako Gurutzea ikustera etorritako bisitariak jaso dituzte Turismo Bulego-Museoan. Horregatik, bisita audiogidatuaren zerbitzua martxan jartzeko beharrizana ikusi du udalak . Zerbitzu berri hau, aurretik Turismo Bulegoak bisitarientzat eskaintzen zuen audiogida zerbitzuari gehitutako audio pista bat da. Udal ordezkariek azaldu dutenez, audio berri horrek gurutzea azaltzen du, monumentua ikuslegoarengana hurbiltzen du eta museoak eskaintzen duen informazioa zabaltzen du. Gurutzeari buruzko informazioa pertsona guztientzat eskura egon dadin, Turismo Bulegoak pista berri honen informazioa zeinu-hizkuntzan ere eskainiko du bisita gidatuen bitartez. Bisita hauek taldeentzat pentsatuta daude, beraz, plazak mugatuak dira. Erreserba egiteko interesdunak Turismo Bulegoarekin harremanetan jarri daitezke turismo@durango.eus helbidera idatzita.

 

Kurutziagako Gurutzearen historia azalduz

Kurutziagako Gurutzea gotiko estilokoa da eta gurutzeen artean eder eta interesgarrienetakoa da, bai bere harlanduaren kalitateagatik eta baita bere esanahiagatik ere. Ikertzaileen ustetan, XVI.mendearen hasieran egin zen. Gurutzeak istorio bat kontatzen du: fustean hasten da eta bertan bekatua eta zigorra adierazten dira; gorantz abiatuz Ebanjelioa agertzen da, eta gurutzean bertan, barkamena eta salbazioa irudikatzen dira. Baina gurutzeak sortzen duen zalantzarik handiena honako hau da: ea Erdi Aroko Durangon izandako “Durangoko Heretikoak” izenaz ezagutzen den gertaera garrantzitsu eta traumatiko batekin loturarik ote daukan. Audiogidaren bitartez, irudi ederra eta historia liskartsua daukan gurutze honen xehetasunak ezagutuko ditugu.

Kurutziagako Gurutzea 1954an Monumentu Historiko Artistikoa izendatu zuten. Audiogidaren azalpenaren iraupena 10 minutukoa da, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egin daiteke. Museoaren bisita osatzen du eta doakoa da. Lehenengo ibilbideak ( “Kontaidazu Durango”) Durangoko historia eta ondarea ezagutzeko aukera ematen du, eta ordubete eta laurden irauten du gutxi gorabehera. Bigarren ibilbideak, (“Aztarnak”) berriz, 1937ko martxoaren 31n Durangok jasandako bonbardaketak herrian utzitako aztarnak erakusten ditu.

Ibilaldi hauek egiteko audiogidak hartzeko euro bat ordaindu behar da. Aparatuak sinpleak dira, intuizioz eta errez erabiltzeko modukoak. Informazio eta komunikazio teknologiak erabiltzeko ohitura dutenentzat, bisita audiogidatu birtuala egiteko aukera ere badago turismo bulegoaren webgunearen bitartez. Webgunean jarritako zeinu-hizkuntzetan egindako bideo baten bitartez, gorrek edo gor-itsuek erreserbatu ahal izateko xehetasun guztiak azaltzen dira: www.turismodurango.net.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!