Guggenheim museoan erakutsiko du Karlos Martinezek bere lana

Itsaso Esteban 2017ko api. 9a, 11:00
Artxiboko argazkia: Leire Unzueta

Bilboko Guggenheim museoan apirilaren 10ean zabalduko duten erakusketa kolektiboan erakutsiko du Karlos Martinez B. (Durango, 1982) artistak La supernova que yo conocí bere azken lana.

Kristalezko laminen gainean esmalte sintetikoekin egindako lanak dira bilduma horretakoak, eta horien bitartez espazioaren, desioaren eta burlaren inguruan dihardu Martinezek. Osasun eta kosmetika arloko osagaiak baliatuta, gaur egungo gizarteko “antsietateen” inguruan egiten du gogoeta

Batez ere eskulturgintzan eta serigrafian jardun izan da orain arte Martinez, eta La supernova que yo conocí erakusketa honetarako, elementu piktoriko gehiago baliatu ditu. Egilearen berbetan, eskultura eta pintura uztartzen ditu Guggenheimen erakutsiko duen lanak.

Bilboko Guggenheim museoaren XX. urteurreneko ekitaldien barruan antolatu duten Eginberri programara aurkeztu ziren EAEko 35 urtez azpiko 62 artisten artean hautatu dituzten sei artistetako bat da Martinez durangarra. Maiatzaren 7ra arte, Guggenheimeko 177 aretoan beraien lana erakusteko aukeragaz batera, 1.500 euro ere irabazi dituzte Martinezek eta Xare Álvarez, María Benito, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi eta Zaloa Ipiña bere kideek.

Bestelako proiektuak
Guggenheim Bilbao museoko erakusketaz gain, Bartzelonan ere beste erakusketa bat du Martinezek ikusgai datozen asteetan. Javier Arbizugaz batera sorturiko The dark, the mystic, the animate but soulless erakusketa ipini du Martinezek Blueproject Foundation aretoan, apirilaren 30era arte. Kataluniako hiriburuko arte fundazio horretan artista egoiliarrak izan dira Arbizu eta Martinez, otsailean eta martxoan.
Iaz, Donostia 2016ko programa baten barruan, Nasra Sidi Azman Saharako arte ikasleagaz elkartrukea egiteko aukera izan zuen Martinezek. Bi + bi erakusketa sortu zuten errefuxiatuen kanpamentu bateko eta Donostiako egonaldi haietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!