Durangoko Pasiñoaren hiru emanaldi eskainiko dituzte, datorren astean

Itsaso Esteban 2017ko api. 6a, 10:44

Apirilaren 11n, 13an eta 14an egingo dute Durangoko Pasiñoa, 21:00etan, Santa Anan. Ohi bezala, Arco tabernan daude antzezpenerako sarrerak salgai, eta 656 777 321 telefonoan ere egin daitezke erreserbak. Atzo, Kurutzesantu museoan aurkeztu zuten aurtengo edizioa. 

Iaz bezala, Bilboko Alde Zaharreko Aste Santuko prozesio batean parte hartzera joango dira Durangoko Pasiñoko 55 partaide, hilaren 12an, eta horregatik ez da egun horretan emanaldirik izango Santa Anan.

Datorren astekoa Pasiñoaren XXIV. edizioa izango da, eta Txema Asategik zuzenduko du. Antzezpenean 100 bat lagunek parte hartuko dute, eta honakoak izango dira pertsonaia nagusiak antzeztuzko dituztenak: Iñigo Pastorrek Jesusen papera egingo du, Fermina Ordoñez Maria izango da, Fernando Atutxa Judasen paperean arituko da, Xabier Aranak Pedroren eta Herodesen rolak beteko ditu, eta Aitor Erdoiza Pilato izango da.

Xabier Arana Pasiñoko partaideak azaldu duenez, beste urte batzuetan ere aktore lanetan jardundakoak dira aipaturiko lagun guztiak, eta baita apostoluen, soldaduen, legioko kideen eta herritarren paperean jardungo direnak ere. Duela hilabete hasi ziren entseguekin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!