200dik gora lagunek hartuko dute parte 5. klown topaketako ikastaroetan

Anboto 2017ko api. 3a, 13:23

San Agustin kulturgunean egin duten agerraldian eman dute datorren asteko topaketaren berri.

Urtez urte gora egin du Aste Santu bueltarako San Agustin kulturguneak eta Ganso&Cia bertako konpainia egoiliarrak antolatzen duten Topaklown ekimenak erakartzen duen jende kopuruak. Aurten ere, ordu gutxiren buruan bete dira eskainiko dituzten ikastaroetan parte hartzeko plaza guztiak: 166 lagunek eman dute izena ikastaroetan, eta beste 45 entzule moduan arituko dira. Apirilaren 12tik 16ra ospatuko dute klownzaleen topaketaren bosgarren edizioa, Durangon.

Klownaren arloan eskarmentu handia duten Estatuko zein nazioarteko irakasleen eskutik diziplina horren inguruko askotariko ikastaroak jasoko dituzte Topaklown-eko formazio saioetan izena ematen dutenek. Klowna ezezik, antzerki fisikoa edo inprobisazioa ere landuko dituzte, besteak beste.  

Ekimenaren "topaketa" izaera azpimarratu dute gaur San Agustin kulturgunean prentsaurrekoa eskaini duten antolatzaileek. Artista, hezitzaile, ikasle eta ikusleen bilgunea izan gura du, bosgarren urtez, Topaklown-ek. "Parte hartzen dutenen arteko elkartrukea bultzatzea da gure helburu nagusietako bat", esan du Gorka Ganso topaketaren zuzendari artistikoak.

Bederatzi emanaldi

Aurreko edizioetan bezala, antzerkizale guztiei luzaturiko programazioa ere badakar Topaklownek, apirilaren 12tik 16ra, Durangora. Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak azaldu duenez, bederatzi emanaldi izango dira, egun horietan, Durangon ikusgai; zazpi San Agustin antzoki barruan, eta bi kalean. Emanaldi guztietara joan gura dutenentzat bonu berezi bat atera du Durangoko kulturguneak, 25 euroan. 

Besteak beste, "estreinaldi mundial" bi eskainiko dituzte: Jimena Cavalletti argentinarrak apirilaren 13an estreinatuko du Mecha show you ikuskizuna; eta apirilaren 15ean, Fanny Girauden Juntos obraren estreinaldia hartuko du San Agustinek. Gainera, Euskal Herrian lehenengoz izango dira ikusgai Les Mouffons murtziarren Nosferatu in love, eta Pere Hostaren Open door.

Ikastaroak eta emanaldiak ezezik, solasaldi bat ere eskaintzen du 2017ko Topaklown-en programazioak. El clown, un oficio nómada izenburuko solasaldia izango da, apirilaren 13an, 16:30ean, musika eskolan. Geografiak umorea ulertzeko eran daukan eraginaz jardungo dira solasaldian.

Aurten lehenengoz Sgae Fundazioak babestuko du Durangoko Topaklown jaialdia. Astarloa Kulturgintza erakundeagaz sinatu du hitzarmena erakunde horrek, eta 3.000 euroko diru-laguntza eskaini dio ekimenari.

Topaketaren webgunean dago programazio osoa eskuragarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!