Bizkaia-Durango taldeak denboraldi berriari begirako aurkezpena egin du gaur arratsaldean Durangoko San Agustin kultur gunean. Taldeko zuzendari zein txirrindulariak itxaropentsu agertu dira eta emaitza onak lor ditzaketela konbentzituta daude. “Aurten oso talde polita osatu dugu”, adierazi du Agurtzane Elorriaga zuzendariak. Taldea “indartsu” ikusten duela eta “ilusio handiarekin” hasiko direla dio. Txirrindulariek eurek ere taldea “indartsu” ikusten dutela adierazi dute aurkezpeneko elkarrizketetan.
Estatu mailako egutegiari begira helburuak goi-goian kokatu dituzte. “Taldeka Espainiako txapelketa irabaztea dugu helburu, horretarako taldea badugulako”, esan du Elorriagak. “Beti ere arerioak errespetatuz, helburu egingarria dela uste dut”. Domekan lehiatuko dute lehenengo proba.
Nazioarteko probetan ere zeresana eman dezaketela uste du. Aurreko denboraldiekin alderatuta “hobeto” daude. “Badaukagu itxaropena. Koska bat igo dugula uste dut. Bereziki Mavi Garciarengan jarri ditugu ilusioak. Iaz Italiako Giroan lehenengo hamarren artean ibili zen. Hori azpimarragarria da modalitatean urte bi daramatzanean. Aurten hasiera-hasieratik oso gogor hasi da lanean”. Talde guztia berari laguntzen saiatuko dela gehitu du. Duatloietatik datorren Garcia palmarrak (Balear Uharteak) 16. tokian amaitu zuen iazko Giroa eta aurredenboraldi honetan taldeak Hegoafrikan lehiatutako lasterketetatik bitan podiumera igotzea lortu zuen.
Lehenengo emaitza onak Aste Santuan bertan etor daitezkeela aipatu du Elorriagak, Flecha Valona eta Liege Bastogne Liege WWT-eko lasterketetan. “Batzutan ez gara ausartzen bustitzen, baina bustiko naiz: Oso ondo egin ditzakegula uste dut”.
Lourdes Oyarbide erlojupeko txapelketaren bila
Lourdes Oyarbide (Egino, Araba, 1994) da taldeko beste esperantzetako bat. 2015ean Espainiako Kopa irabazi zuen 23 urtez azpiko mailan eta erlojupekoetan espezialista da. Erlojuaren kontra birritan irabazi du Euskadiko txapelketa eta iaz Espainiakoa irabazteko zorian izan zen, baina erorikoa izan zuen helmugatik 500 metro eskasera. “Aurten Espainiako erlojupeko txapelketa irabaztea dut helburu. Lortu dezakedala uste dut. Horrek ate asko irekiko lizkidake; Europako eta munduko txapelketak…”
Bizkaia Durangoren aurtengo taldea 14 txirrindularik osatzen dute. Nazioarteko hainbat fitxaketa (Eslovakia, Japonia…) dituzte eta tartean Paola Muñoz 30 urteko txiletarra dago. Bi Joko Olinpikotan parte hartu du: Londres 2012 eta Rio de Janeiro 2016. Londreskoan Joko Olinpikoetan parte hartzen zuen lehenengo emakumezko txirrindulari txiletarra izan zen.
Taldeak 15 urte egin ditu
Aurtengoa denboraldi berezia da Bizkaia-Durangorentzat. Sortu zireneko 15. urteurrena beteko dute. Duranguesa elkarteak, Aldundiak eta Durangoko Udalak indarrak batuta sortu zen proiektua eta Joane Somarribaren inguruan egituratu zen.