Durangon emakumezkoek korrika egiteko taldea sortu berri duzue. Zer dela-eta erabaki duzue taldea sortzea?
Sonia Oceja: Durangon korrika egiteko talde baten beharra ikusten genuen. Alde batetik, ikusten dugu Durango inguruan hainbat emakumek inongo pautarik jarraitu gabe egiten dutela korrika. Beraz, emakume horiek batu eta denok elkarregaz korrika egitea da helburua. Bestetik, gu Durango Kirol Taldeko beteranoen taldekoak gara, eta ikusten dugu taldeko kide nagusienek laster utziko dutela, eta ez dugula taldera batuko den kiderik atzetik. Beraz, taldeak jarraitzea gura badugu, emakumezkoak behar ditugu.
Ez al dago erreleborik Durango Kirol Taldean?
Begoña Martiñez: Momentu honetan, bederatzi neska beterano gaude Durango Kirol Taldean, 35 urtetik gorakoak. Gazte mailetan emakumezko korrikalari asko dauden arren, beteranoen mailan aritzeko korrikalariak falta zaizkigu.
Eva Muñoa: Atzetik ditugunak oso gazteak dira, gazte mailetan lehiatzen dabiltzan kirolariak. Momentu honetan ez daukagu atzetik erreleboa har dezakeenik.
S.O.: Beraz, sortu berri dugun talde honi esker etorkizunean Durango Kirol Taldeko partaide izan daitekeen emakumezko bat aurkitzea lortzen badugu, bikain.
Beraz, talde berri honen helburua Durango Kirol Taldea indartzea izango da?
S.O.: Hori bigarren mailako helburu bat izango da. Gu maila guztietara zabalik gaude, eta inoiz korrikarik egin ez dutenek zein lasterketetan korrika dabiltzanek izango dute lekua gure taldean. Ate guztiak zabalik ditugu.
B.M.: Maila guztietara zabalik gaude, eta prest gaude maila desberdinetako jendeagaz taldeak egiteko. Herriko emakumeak animatu gura ditugu korrika egitera, duten maila dutela ere.
Nolako entrenamenduak aurreikusten dituzue?
B.M.: Ordubete inguruko entrenamenduak aurreikusten ditugu. Gainera, korrika egiteaz gain beste ariketa batzuk egitea ere bada gure asmoa.
S.0.: Atletismo pista inguruan ditugun baliabideak erabili gura ditugu.
E.M.: Atletismo pista eta bertako materiala erabilita, gorputzeko beste atal batzuk ere lantzea gura dugu, indarra esaterako.
Ze onura ditu horrelako talde batean egoteak?
S.O.: Onurarik garrantzitsuena horrelako talde batek ematen duen babesa da. Horrez gain, aholku teknikoak jaso ahal izatea ere oso onuragarria da.
E.M.: Bestalde, korrika egitera irteterakoan, beste batzuekin irten ahal izatea izugarria da. Denok entrenatzen gara gusturago jendeagaz batera.
Durangon horrelako talde baten beharra dagoela ikusten duzue?
S.O.: Beharra dagoen ala ez, ez dakit. Baina, orokorrean, gizon zein emakume izan, egia da bultzada bat behar izaten dugula. Niri ere berdina gertatu zitzaidan. 20 urte atletismoan aritu gabe egon eta gero, berriz ere honetan hasteko gogoa sartu zitzaidan. Baina ez nuen aurkitzen nola bueltatu. Eta seguru nago jende asko egongo dela egoera berean. Beraz, emakume horiek animatu gura nituzke.
Noiz egingo duzue lehen entrenamendua?
E.M.: Lehen entrenamendua apirilaren 5ean egingo dugu, 18:00etan. Landakoko atletismoko pistan jarri dugu hitzordua. Momentuz, eguaztenero batzea da gure helburua, baina egun edo ordu aldaketaren bat egin behar izanez gero, egiteko prest gaude.
Aurrez izena ematea beharrezkoa izango da?
B.M.: Izena ematea ez da beharrezkoa izango. Egunean bertan etorri, fitxatxo bat bete eta kito, eginda. Hala ere, norbaitek informazioa behar izanez gero, edo aurrez izena eman gura badu, dktneskak@gmail.com helbidera idatz diezaguke.
Zuen lorpenei begiratuta, duela aste batzuk pista estaliko Espainiako txapelketan brontzezko domina lortu zenuten.
E.M.: Izugarria izan zen momentu hura bizitzea. Taldean giro paregabea daukagu, eta taldekideekin podiumera igotzea oso polita izan zen.
Etorkizunera begira, Durango Kirol Talde moduan baduzue erronkarik?
B.M.: Uztail hasieran izango dugu hurrengo erronka garrantzitsua, aire libreko Espainiako Txapelketak ditugu orduan.
S.O.: Gure helburua aurrean egotea izango da. Pista estaliko txapelketan erraz lortu genuen hirugarren postua, baina badakigu lehen bi postuetan egotea zaila izango dela.
E.M.: Une honetan, taldean baja dezente ditugu eta badakigu justu samar ibiliko garela. Gainera, aire libreko txapelketan estalikoan baino proba gehiago dira eta bakoitzak bi probatan bakarrik parte hartu dezake. Beraz, ikusi egin beharko da ea nola heltzen garen. Hala ere, gogotsu gaude lan ona egiteko.