Pablo Picassok (Malaga, 1881-Mougins, 1973) Gernika margolan enblematikoa gauzatu aurretik eta ostean, Espainiako Errepublikako gobernuaren enkarguz burututako Francoren ametsa eta gezurra grabatu sorta da erakusketaren ardatza.
Lan horiek egin zituen sasoian Frantzian bizi zen Picasso, eta artista entzutetsu eta kotizatua zen. Espainiako altxamendu faxistaren berri jaso zuen lehenengo unetik Errepublikaren alde lerratu zen Picasso, eta Francoren ametsa eta gezurra izan zen bere lehenengo obra guztiz politikoa. Grabatu horien 18 eszenetan, Franco modu groteskoan eta eskatologikoan irudikatzen du Picassok, eta erruki handiz sarraski hura jasan zuten herritarrak.
1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketan saldu zituzten Francoren ametsa eta gezurra lan horren hainbat ale, eta Juan Larrea idazle bilbotarrak grabatu horiek biltzen zituzten hiru karpeta erosi zituen. Ameriketara erbesteratu zenetik 1980an hil zen arte Larreak gorde eta zaindu zituen grabatuak dira Durangon ikusgai daudenak.
Akuaforte teknika baliatuz Picassok egindako grabatu horiek ezezik, beste hainbat lan ere badaude Durangoko Museoan: Gernika koadroaren hiru fakzimil, eta Josep Renau Errepublikako gobernuaren Arte Ederren arduraduna izan zenak buruturiko estanpa bat, besteak beste.
Garazi Arrizabalaga Museoko zuzendariak azpimarratu duenez, erakusketa hezitzailea da Picasso: Durangotik Guernicara. Gure historia hurbileko gertakari bortitzenaren inguruan informatzen duena.
Jarduera hezitzaileak
Erakusketa honi lotuta antolatu dute, aurten, Artearen Ezaupidea berbaldi zikloa. Picassoren Gernika hartuko dute berbagai ziklo horren barruan, Ismael Manterola irakasle eta arte kritikariak (apirilaren 5ean), Aitor Aurrekoetxea irakasleak (apirilaren 12an) eta Josu Rekalde irakasle eta artistak (apirilaren 26an). Museoan izango dira berbaldi horiek, 19:00etan.
Gainera, grabatuari eta komikigintzari buruzko tailer bana ere antolatuko dute asteotan Durangoko Museoan, eta bisita gidatuak ere eskainiko dituzte.
Maiatzaren 1era arte, martitzenetik barikura 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara; zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta domeketan 11:00etatik 14:00etara arte egongo da zabalik Picasso: Durangotik Guernicara erakusketa.