Dantza akademien 'Vive tu sueño' lehiaketan hainbat sari eskuratu ditu L’Atelier-ek

Anboto 2017ko mar. 30a, 17:46

Asteburuan Alcalá de Henaresen (Madril) jokatutako Vive tu Sueño dantza lehiaketan hiru sari eskuratu dituzte Durangoko L’Atelier dantza akademiako hiru taldek. Dagozkien kategorietako sariak ezezik, irailean Parisen jokatuko den nazioarteko lehiaketaren finalerako sailkatzea lortu dute L’Atelier-eko kideek. Flamenkoan, kaleko dantzen arloan eta kategoria librean Estatuko 3.000 dantzari aritu dira Vive tu Sueño lehiaketan. 

Dantza modernoen kategorian 1.000 euroko lehenengo saria eskuratu du L’Atelier akademiako Boomshock taldeak; Feel the sound taldeak kaleko dantzen junior kategoriako lehenengo saria (300 eurokoa) jaso du; eta dantza urbanoen kategorian lehenengo saria (2.000 euro) Ethan Lopez eskolako irakasleari eta The Jungle bere taldeari eman diote. 

Bilbon ere saridun Lopez

Madrilen lorturiko hori ez da izan Ethan Lopez dantzariak asteburuan jaso duen sari bakarra. Bilbon jokatu zuten Break On Stage dantza lehiaketan ere sariduna izan zen L’Atelier akademiako irakaslea. Europa mailako lehiaketan break dance kategoriako hirugarren saria eskuratu zuen Lopezek Feel the Sound taldeagaz, eta kaleko dantzen lehenengoa The Jungle taldeagaz.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!