Durangoko bonbardaketan parte hartu zuten 44 militar italiarren izenak topatu dituzte

Markel Onaindia 2017ko mar. 30a, 12:32
Irazabal, Erromako artxibo militarrean.

Gerediaga elkarteko Jon Irazabal Madrileko eta Erromako artxibo militarretan ibili da ikertzen, eta bere ondorioetan oinarrituta, udalak kereila aurkeztuko du.

Hainbat datu batu ahal izan ditu Irazabalek, eta aipagarriena 44 militarren izenak identifikatu izana. Orain arte moteen bitartez identifikatuak agertu izan dira militarrak, baina orain benetako izenekin bateratu ahal izan dituzte. Horrela, bonbardaketan parte hartu zutenen %95 identifikatuta daudela uste du Irazabalek. Hori bai; ez dakite zenbat geratzen diren bizirik. Bartzelonako kereilaren kasuan, bi topatu dituzte hil barik.

Aitziber Irigoras alkateak azaldu du Irazabalen txostena jaso eta abokatuekin lantzen hasiko direla. "Lehen urratsa aurkeztea eta tramitera onartua izatea" da bere esanetan. Tramitera onartuz gero, militarrei egindakoaz aparte beste salaketa aukerarik badagoen aztertuko dute; gobernuek ardura subsidiarioa eduki dezateke.

Irazabalek gehitu du "argi eta garbi" dagoela bonbardaketa populazio zibilaren aurkakoa izan zela. Horretarako, planifikazioan kolpistek militar alemaniarren laguntza eduki zutela frogatu du. Horrez aparte,  topatutako domuentuetan Helburu guztiak bete dira esaldia topatu du, besteak beste. Helburuak, eraikinetan bonbek eragiten zituzten kalteak neurtzea, populazioa eta gudariak uzkurtzea eta nazioarteko komunitate politikoari Hitler zertarako kapaz zen erakustea izan ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!