Zelan joan zen Bilboko Loraldia jaialdiko estreinaldia?
Inor ez da harrituko oso ondo joan zela esaten badut, estreinaldi bati buruz horixe esaten delako beti, baina, oraingo honetan, estreinaldia bereziki ondo joan zela da egia. Urte asko daramatzat antzerkian, eta gutxitan ezagutu dut Arriagako hori bezalako estreno borobil bat. Borobila izan zen, zentzu guztietan: antzokia bete egin zen bi egunetan, eta amaieran jendea zutik txaloka eta braboka ibili zen.
Bi emanaldietan Arriaga lepo betetzea bera ez da gauza azpimarragarria?
Kontuan edukita euskarazko antzerkiaren ikusle kopurua beti gaztelaniazkoa baino murritzagoa dela, bi egunetan antzokia betetzea bada zerbait. Ikuskizunak jakin-mina sortu du, eta jende asko etorri da. Hala ere, esan beharra dago Bilbo gure hiria dela, gure erroak han ditugula, eta gure ikuskizunak aurkeztu izan ditugunean jende asko etorri izan zaigula beti.
Oholtzatik zer sentsazio izan zenuten? Jendeak erantzuten zuela nabaritu zenuten?
Drama antzezten zabiltzanean, batzuetan ez duzu jakiten ondo funtzionatzen ari den ala ez. Pista gutxi izaten duzu. Gurea bezalako komedia batean, aldiz, oso erraza da jakitea istorioa ondo doan ala ez. Barreak konkretuak, fisikoak, neurgarriak dira. Gure beste ikuskizun batzuetan bezala, ikuslegoaren barrea intentsoa eta etengabea izan da eskaini ditugun emanaldietan. Ez da ohikoa, Bilboko estreinaldian bezala, komedia batean jendeak amaieran zutik txalo egitea: musikaren indar emotiboak katarsi txiki bat sortzen du. Musikak indar emotiboa ematen dio, baina, funtsean, obra komikoa da Euskal Musikaren benetako istorioa.
Euskara, euskal kultura… Gai horiez modu serio eta transzendentalean jardutera ohituta gaude. Zuek umoretik jarduten zarete horrelako gaiez.
Bai, galtzerdiari buelta ematen saiatzen gara. Hori baita, azken finean, umorea; gauzak euren ohiko testuingurutik ateratzea. Gaiei garrantzia kentzea lortzen duzu horrela. Obra honetan, adibidez, 200 kanta zati darabiltzagu. Hainbat elkarrizketa kanten letra zatiekin egiten ditugu; letra horiek testuingurutik aterata, noski. Eta hor sortzen da umorea, gauzak testuingurutik ateratzen ditugunean.
Kantak ezezik euskal kantagintzako pertsonaiak ere agertzen dira ikuskizunean?
Autoreei buruz baino, kantei buruz dihardugu, nahiz eta kasu batzuetan pertsonak ere aipatzen ditugun ezinbestean. Ezin izan ditugu Laboa edo Iparragirre aipatu barik utzi. Gidoia sortzerakoan oso garbi eduki dut erabiliko nituen kantak ezagunak izan behar zirela. Guztiz errotuta dauden kantak dira, herriarenak bihurtu direnak.
Zeuk idatzitakoa da ikuskizunaren gidoia. Zelako sorkuntza prozesua izan zen?
Hau bezalako lanak ematen dutena baino askoz konplikatuagoak izaten dira: ikuskizun jostariak diren arren, eta askotan inprobisatzen gabiltzala eman dezakeen arren, lan handia egin beharra dago. Ikuskizuna esketxen bidez eratuta dago, hau da, eszena bakoitza autonomoa da. Horrek esan gura du esketx horietako bakoitzerako istorio bat asmatu behar duzula. Kasu honetan, 18 dira. Euskal musikaren historiari buruzko obra izanik, ez dakit esaten zenbat denbora eman dudan kantutegia arakatzen, adibidez. Hilabetetako lana izan da.
Hiru musikarik dihardute Martinezegaz eta zugaz oholtzan.
Bai, oraingoan bost gara oholtzan. Adrián García de los Ojos, Iván Allue eta Maria Arriaga musikariak batu zaizkigu Mikeli eta bioi. Oso musikari eklektikoak dira hirurak. Horrelako profesionalak behar genituen euskal musikaren historiaren ibilbide osoa —neolitikotik gaur eguneraino—, kontatzeko.
Zein da antzezlaneko istorioa?
Gu ustezko musikologo bi gara, euskal musikan adituak, online seminario baten grabazioa egiten gabiltzanak. Mikelen pertsonaia, adibidez, musikari ona dela uste duen belarri eskaseko pertsona bat da. Oso istorio dibertigarria da. Uste dut hori dela Ez Dok Hiru-ren arrakastaren gakoetako bat: guk geuk ere oso ondo pasatzen dugula.
Zelan animatuko zenuke jendea Durangoko egueneko emanaldira joatera?
Ikuskizuna ikusi duen norbaiti galde diezaiotela esango nieke. Seguru nago ikusi duenak “ez ezazu galdu!” esango diela.
Maiatzean, zuk idatzitako beste lan bat ikusteko aukera izango da San Agustinen. Eneko Sagardoy durangarra aktore taldean duen ‘Azken trena Treblinkara’ obra.
Vaivén konpainiak egindako enkargu bat izan zen hura. Janusz Kòrczak pedagogo poloniarrak 1942an 200 haur judu hartzeko sortu zuen umezurztegiaren azken egunak kontatzen ditu antzezlanak. Ez Dok Hiru taldean egiten dugunagaz ez dauka inolako antzik, baina oso lan duina da, oso potentea.