MugarraTTko kadeteak harrobiko lanaren isla izango dira domekan

Joseba Derteano 2017ko mar. 23a, 10:00
MugarraTTko kadeteak lasterketa batean (Argazkia: Uxue Letamendi)

Domeka honetan hamargarren aldia egingo du Gorka Uribeetxebarriaren oroimenezko Durangoko duatloiak. Aurten, lehenengoz, esprint distantziakoa izango da, orain artekoa baino laburragoa, eta horrek proba gazte mailei irekitzeko aukera eskaintzen die.

Horrela, kadete mailako duatloilariek ere parte hartu dezakete, eta kategoria horretan ez dago MugarraTT lako harrobia duen talderik. Durangoko taldeko 11 kadetek eman dute izena duatloian parte hartzeko. “Inoiz ez da talde berean hainbeste kadete izan Euskal Herriko duatloi edo triatloi batean”, zehaztu du Serafin Bereziartua Mugarra Triatloi Taldeko kideak.

Esprint modalitateko duatloia egiteak abantaila gehiago ere baditu: laburragoa denez, antolaketaren aldetik eramangarriagoa da, esaterako.

Urtero legez, Ezkurdin hasi eta amaituko da. Lasterketa nagusiari 10:45ean ekingo diote. Korrika osatu beharreko lehen  tartean (5 km) Orozketan AHTaren zubi ingurura joan-etorria egingo dute parte-hartzaileek. Bizikletako 18 kilometroetan Goiuriatik Garaira joango dira. Korrikako azken tartea (2.8 km) Askatasun Etorbidetik egingo dute, batez ere.

Gizonetan Gorka Bizkarra, David Mosquera, Ander Okamika eta Pello Osoro daude irabazteko faboritoen artean. Emakumeetan MugarraTTko Irene Loizate durangarrak Arrate Mintegi eta Inmaculada Ruiz izan ditzake aurkari gogorrenak.

Proba nagusiaren ostean, 13:00etan, Duatloi Txikia ere egingo dute gaztetxoen artean.  Izen-ematea egunean bertan egin daiteke, probak hasi baino ordu erdi lehenagora arte.

DATUAK

NOIZ: domekan, 10:45ean.
NON: Ezkurdi plazan.
DISTANTZIAK: 5 km
korrika, 18.4 km bizikletan eta 2.8 km korrika.
SARIAK: Elite irabazleek 250 euro eta txapela.
Eliteko bigarrenek 150 euro. Eliteko hirugarrenek 100 euro.

DUATLOI TXIKIA:
13:00etan hasiko da, adin tarteetan banatuta.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!