Gerediagako kideak Erromara joango dira datorren astean, bonbardaketaren egileen ikerketa osatzeko

Anboto 2017ko mar. 17a, 13:14

Datorren astean Erromara joateko asmoa du Jon Irazabalek, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketaren egileez gehiago jakiteko. Italiako armadaren artxibora bisita egingo du, han baitituzte Aviazione Legionariaren dokumentuak. Udalaren tramite juridikoari gehituko dio ikerketa, eta egileen aurkako kereila apirilean aurkeztea aurreikusi dute. Martxoaren 31ko ekitaldien aurkezpena egin dute udaletxean.

Estatu Islamikoaren balizko erasoen aurrean alarma egoeran daude Italian, eta horren eraginez, armadaren artxiboan sartzeko baimenaren zain daude Gerediagakoak. Irazabal Madrilen ere egon berri da ikerketa lantzen.

"Erantzukizunak eskatzeko garaia"
Kereila aurkeztea aho batez erabaki zuten martxoaren 31ko ekitaldien harira sortutako batzorde berezian. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Herriaren eskubidea alderdiez gainera, Gerediaga, Durango 1936, Kriskitin, Berbaro, Aranzadi, Argentinako kereilaren euskal plataformak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Ongi Etorri Rojava-Kobane elkarteek parte hartu dute. Horiek guztiek batera eman dute, hain zuzen, egitarauaren berri.  Aitziber Irigoras alkateak adierazi du memoria ebrreskuratzea dela helburua, "ondorengoek zer gertatu zen jakin dezaten". Durango 1936 elkarteko kide Andoni Barreñak txalotu egin du udalak kereilaren ardura hartu izana, hasiera batean elkarteak berak sustatu zuena. Egia jakitearen aldeko aldarria egin du. "Ekintza genozidak izan ziren. Inork ez du barkamenik eskatu, eta bada garaia erantzukizunak eskatzeko", esan du barreñak.

Inoizko egitarau zabalena
Hilaren 31n, 12:00etan Gerra Zibileko biktimak omenduko dituzte hilerrian, eta 20:00etan, bonbardaketan hildakoak oroituko dituzte Gerediagak eta Kriskitinek landutako ekitaldiagaz. 80. urtemuga denez, inoiz baino ekitaldi gehiago prestatu dituzte. Horien baitan, martxoaren 24an -hurrengo barikua- Bartzelona eta Kobanegaz senidetzeko ekitaldia egingo dute, 17:00etan, udaletxean. Lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat antolatuko du hilaren 30ean; 19:00etan izango da Andra Marian, eta lehendakaria egongo da. Gaurtik aurrera hasiko dira ekitaldiak, eta udalaren webgunean eskura dago egitarau osoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!