Medusaren mito grekoaren inguruko eskulturen erakusketa monografikoa da Marmoka, eta jainkosa horren irudian oinarrituriko hainbat obrak osatzen dute. Hiru urtez, Bilbon eta Gasteizen dauzkan tailerretan landu ditu erakusketa honetako eskulturak Eskerrik, eta horiek bilduta osatu duen erakusketa da Durangon joan zen barikuan zabaldu zuena.
Burdinagaz eta terrakotagaz egindakoak dira erakusketako eskulturak. Izan ere, azaldu duenez, horrelako materialekin lan egitea gustatzen zaio artista bilbotarrari. “Obra irmoak ditut gustuko, eta denboraren joana duintasunez jasaten duten materialak. Brontzeak, adibidez, edertasuna irabazten du urteen poderioz, eta are ederragoa da aire zabalean egotearen ondorioz”, dio artistak. Eskulturgile gisa, bere helburua “ahalik eta eskala eta material potenteenekin lan egitea” dela dio.
Kontatu duenez, eskulturan zentratuago dago azken aldian, baina margotzea ere gustatzen zaio. “Tailerrean beti dauzkat askotariko 20-30 bozeto”, azaldu du. “Baina, noski, eskultore baten moduan margotzen dut, eta denetariko materialak gehitzen dizkiet margolanei ere; gustatu zaidan burdina edo egur zati bat izan, hiltze bat izan...”.
Artista plastikotzat dauka Eskerrik bere burua. Arte plastikoen barruko diziplina guztiekiko dauka interesa. Adibide moduan dio, orain, adibidez, beira lantzen ikasten ari dela. Ildo horretatik, azaldu du, joan zen mendeko abangoardietatik gaur egungo artistenganaino, askotariko diziplinetan esperimentatu duten artistak dituela gogokoen; Picasso, Barceló eta Bacon aipatu ditu, besteak beste.
2008. urtean ere erakutsi zuen Eskerrik bere lana Durangoko Museoan. Margolanak eta eskulturak bildu zituen erakusketa hartan. Oraingoan, ibilbide luzeko artistak eskulturaren arloan buruturiko azken sorkuntzak dira Durangoko Museoan ikusgai daudenak.
Martitzenetik barikura, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara egongo da erakusketa zabalik. Zapatuetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta domeka eta jai egunetan, 11:00etatik 14:00etara.