Bermejo: “Abiadura handiko linea osoa hondamena da; porrot eginda beharko lukeen sistema da”

Aitziber Basauri 2017ko mar. 12a, 10:30
Roberto Bermejo Gomez de Segura

Ekopol taldeak egindako txosten batek dio —ELAk eta LABek eskatutakoa da txostena— AHTk “etengabeko diru-laguntza” beharko duela. Etekinak lortzea “ia ezinezko” jo dute. Ekopoleko taldekidea den Roberto Bermejok dio Espainiako abiadura handiko linea osoa “hondamena” dela, eta gogoratu du AHTak “arrakala soziala handituko” duela.

Diru-laguntza publikorik gabe AHTaren ustiaketan etekinak lortzea “ia ezinekoa” dela dio Ekopolek egindako txostenak.
Espainiako abiadura handiko linea osoa hondamena da: 20.000 milioi eurotik gertu dagoen itzelezko zorra sortzen ari da; urtean, 3.000 milioi eurotik gorako galerak ditu. Porrotera doan sistema da. Egia esan, porrot eginda beharko lukeena, sistema ekonomiko batek ere ezin du-eta iraun galera ekonomiko iraunkor eta pilatuekin.

Zein eragin izango du Euskal Herrian?
Linearen araberakoak dira galerak. Adibidez, galera gutxiago ditu Madril-Bartzelona lineak. Neurri txikiagoan bada ere, baita Madril-Sevilla, Madril Andaluziako beste hiriburu batzuekin lotzen dituztenak, eta Madril-Valentzia ere. Gainontzeko lineetan galerak egundokoak dira. Tartean, ‘euskal Y’a batzen duen iparraldeko lotura.

Etengabeko laguntza publikoa beharko du AHTak?
Galerak baditu, ezin du etorkizunean aurrera egin. Egia esan, galerek askoz handiagoak izan beharko lukete, diru-laguntzak jasotzen ari da-eta. Renfe prezioak ikaragarri jaisten ari da, baina metropoli-garraioa edo aldiriko-garraioa garestitzearen lepotik. Azken horiek zerbitzu publikoa dira, ez dute zertan errentagarriak izan, eta administrazioak diruz laguntzen die —Bilboko metroa da adibide bat—, baina Renfe aldiriko-trena garestitzen ari da abiadura handikoaren tarifa gutxitzeko dirua lortzeko; galerak ez daitezen horren handiak izan. Guztiz ilegala da hori, Europako araudiaren kontrakoa, eta erabat antisoziala. Baina ez dirudi estrategia emaitza onik ematen ari denik, oraindik bidaiari gutxi ditu-eta abiadura handiko lineak. Gainera, osatzeke dauden lineak—Extremadura, Andaluzia, iparraldeko linea...— izango dira defizitarioenak. Abiatu ahala defizita handituko da.

Gizarte ongizatean eragingo du, ezinbestean. Okerrera.
Zerbitzu publiko bat hondatuko da, diru-sarrerak sortzeko publikoa ez den zerbitzu baterako; orokorrean, era sistematikoagoan, klase sozial altuek erabiltzen duten zerbitzu baterako. Zelanbait, gutxien dutenei ateratzen diezu dirua, gehiago dutenei emateko, txartel merkeen itxuran. Arrakala soziala handituko du AHTak. Izan ere, exekutiboek,  maila altuko turistek... erabiliko dute, batez ere. Langileek, azken finean, ez dute askorik erabiliko.  

Inoiz ez da berreskuratuko egin den inbertsioa?
Hori segurutzat ematen da. Arazoa zein da? Ez dezala defizit gehiago sortu. Azkenean, hori ordaindu egingo dugulako, denok. Lotsaren autobideen nazionalizazioagaz gertatu da, ez dela denbora asko: enpresa pribatuen zorrak bere gain hartu ditu estatuak. Kontuan hartzen badugu estatua zergen bidez hornitzen dela neurri handi batean, denok ordainduko dugu gehiago, zulo bat gehiago estaltzeko. Inork ez du espero abiadura handian inbertitu den dirutza hori berreskuratzea. Baina kontua da zorrak sortzen ari dela, eta diru sarreren birbanatze negatibora derrigortzen duela: gero eta gehiago, zor hori ordaintzeko erabiltzen dira diru sarrerarik gehienak. Abidura handiaren nazionalizazioa heltzen bada —beste biderik ez dut ikusten—, beste behin, bankuekin gertatu den lez, herritarrok ordainduko ditugu beste entitate batzuek eragindako kalteak.

Bidaiari kopuruan dago giltza?
Linea bat errentagarria izan dadin, martxan jarri eta lehenengo urtean, gutxienez, 10 milioi bidaiari eraman behar ditu. Eztabaidagarria izan daiteke, baina Europako Batasunak ere hala onartzen du hori: abiadura handiko linea bat bera ere ez da inolaz ere horretara heltzen. Madril-Bartzelona lineak sei milioi bidaiari izan zituen, eta iparraldeko loturak, kasurik onenean, 2,2 milioi izatea aurreikusi dute. AHT betiko izango da defizitarioa. Datozen belaunaldiei utziko diegu zorra, hazi baino egingo ez den zorra. Hori gertatzen da SuperSurren, Artxandako tunelen eta beste azpiegitura batzuen kasuan.

Horretaz guztiaz jabetzen dira herritarrak?
Ez, ez zaielako azaldu. Egitasmo horregaz kritiko garenok egindakoak ez dira normalean oinarrizko hedabideetan azaltzen. Hedabide handiak itsu daude honen aurrean, ez da existitzen. Kasu maltzurrak ere eman izan  dira.

Ingurumenean izango duen eragina eta eragin politikoa eta kulturala ere aztertu dituzue.
Ingurumenari dagokionez, ikustea baino ez dago nola suntsituko duen paisaia. Zer esan akuiferoetan duen eragina. Lurraldearen, eta ondorioz naturaren nolabaiteko zatiketa bat da. Harrobiak topera ari dira lanean, mendiak suntsituz. Durangaldean agerikoa da. Eragin sozio-politikoari helduta, AHTk hiriburuak lotuko ditu, tarteko eskualdeak lotura horietatik baztertuz. Jaurlaritzak diruz lagunduko duela esan dute, eta horrek ondorioak ekarriko ditu.

Badu atzera bueltarik?
Arrazionaltasunaren ikuspuntutik, bai, baina politikoki ez dut inolako borondaterik ikusten. Zorra gehitu ahala, Espainiak zer egingo du? Zorra bere gain hartu? Nazionalizatu egingo ditu galerak, edo lanak gelditu eta Europagaz oso ondo lotutako trenbide sarea nola sortu aztertuko du?  Hor dago gakoa.

AHTaren aurkako mugimendu soziala indarra galduz joan da.
Urteetako higadura eman da, emaitza positiborik gabe. Baina uste dut indar eta ahalegin handia egin dela ezezkoan, eta ez dela alternatibarik aurkeztu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!