200 bat senegaldar Durangon batu dira paperak eguneratzeko

Anboto 2017ko ots. 24a, 14:01

Pinondo Etxean eta Santa Ana plazan ez ohiko irudia ikusi da gaur, 200 bat senegaldarrek euren herrialdeko paperak berritzeko aukera izan baitute Durangon bertan.

Normalean Bilbon edota Madrilen egin behar izaten dituzte horrelako gestioak, baina kasu honetan Durangon zabaldu dute tramiterako bulegoa. Horrela, Durangaldean eta Lea Artibain bizi diren senegaldar asko Pinondo Etxera hurreratu dira. Euren paperak eguneratzeko betebeharra dute, eta gainera, Senegalgo hauteskundeetan botoa eman ahal izateko ezinbesteko dute.

Pinondo Etxea kolapsatu egin da, ordea. Durangon aspaldian bizi den Cledor Diattak, esaterako, zail ikusten zuen gaur tramitea egin ahal izatea. Berak eta beste askok, Santa Anako arkupean hartu dute babes, itxaroten egon diren bitartean. Berak hemengo paperak legeztatuta ditu, baina han egon diren beste askok ez. "Nik paperak ondo ditut, baina jende askok egoera zaila bizi du", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!