Giroa berotzen hasteko, Alain Concepción & The Soulmen hirukotea gonbidatu dute emanaldira. Alain Concepción abeslari zornotzarrak, Jose Gallardo saxofonistak eta Julio Veiga pianistak osaturiko musika taldearen soul, R&B, funk eta blues doinuak izango dira, beraz, lehenbizi, entzungai. Martxoan disko berria aurkeztekoa da Alain Concepción & The Soulmen taldea.
Musikazaleentzako Platerueneko biharko hitzordua abiatuko duen emanaldi horren ostean, parte hartu gura duten musikari guztiek izango dute oholtzara jotzera igotzeko aukera. Emanaldiaren parte hori gidatzeko, Joanes Ederra baxu-jotzailea eta Martin Holland bateria-jotzailea gonbidatu dituzte.
Jam Sessiona antolatu duten Bartolome Ertzillako kideek aurreratu dutenez, honako doinu estandar hauen gainean inprobisatuko dute musikariek: Summertime, Chamaleon, Papa's got a new brand bag eta Lullaby of Birdland. Azpimarratu dutenez, baina, beste edozein proposamen ere aintzat hartzeko prest daude. Parte hartuko duten musikariek aukera izan dute aurretik beraien proposamenak egiteko, eta gaur bertan ere egin ahalko dituzte.