Artisautza nazioartera zabaltzera dei egiten du Euskal Dendaren aurtengo kartelak

Anboto 2016ko aza. 29a, 13:55
Bernat Vidal Arbasoko presidentea eta Olatz Pujana elkarteko kidea 21. Euskal Dendako kartelari eusten.

'Jalgi hadi mundura' da leloa. Aurrera begirako estrategien artean nazioarteko merkatuetara hedatzeko erronkari heldu gura diote.

Euskal Denda iragartzeko aurtengo kartelean honako leloa  irakurri daiteke: ‘Jalgi hadi mundura…’. Nazioartea merkatu eta erakusleiho handi bat da eta euskal artisauek hori esploratzeko pausuak eman behar dituztela uste dute Arbaso elkarteko antolatzaileek. “Artisautzak ez du nazioartekotzeko joerarik. Etxe inguruan jokatzea gustatzen zaigu, baina futbolean lez, kanpoan ere jokatu beharra dago”, adierazi du Bernat Vidalek, Arbaso Euskal Herriko Artisauen Elkarteko presidenteak, Euskal Denda aurkezteko gaur egindako prentsaurrekoan.

Nazioartekotzea erronka nagusietako bat dutela adierazi dute. Hain zuzen, Arbasoko sei kidek Washington-eko (AEB) Smithsonian Jaialdian parte hartu zuten ekainean. Ikustera eta ikastera joan ziren. “Oso ondo hartu gintuzten eta egiten dugunarekiko interesa erakutsi ziguten”, gogoratu du Vidalek. Horregatik, “ausartak” izan behar dutela uste dute.

Bide horretan, erakundeekin  elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du: “Gure herria ohiko markotik ateratzeko egiten dituzten apustuetan erakundeei jarraitzeko prest eta gertu egon behar dugu”, adierazi du. Elkarlan horren lehen mugarria Euskal Herriko artisau denak interneteko gune berean batuko dituen mapa da. Dena bere bidetik badoa Bilboko udaberriko azokan aurkeztu gura dute.

Postuen %34 berriak

Euskal Denda artisautza sektorearen erakustoki handiena bihurtuko da abenduren 2tik 6ra. Durangoko Merkatu Plazan jarriko dituzten 52 postuetatik 17 berriak izango dira. Beraz, postuen %34 berritu dute aurtengo aldian.

Azpimarratzeko da Bizkaiko postu kopurua: 24. Sei Durangaldekoak izango dira eta horietako bat lehenengoz etorriko da: Amabitxiak, Amagoia Salazarren Elorrioko bitxi-denda. Honako hauek dira gainerako bostak: paperezko bitxigintza Elorrioko Anitha Molen eskutik, Rosa Etxabe zeramika eta grabatzailea, Restaurarte eraberritzeak, Bea Unzueta zuntz begetala eta Eneko Unzalu bitxigilea.

Bizkaitik beste zortzi artisau berri etorriko dira. Gipuzkoako lau artisauk, Arabako bik eta Nafarroako eta Nafarroako beherako banak ere lehenengoz jarriko dute postua Euskal Dendan.

Artisautzaran azoka nagusiak 23.000 bisitari izan zituen iaz eta aurten marka hori gainditzea espero dute.

Garagardo ekoizleak

Euskal Dendaren helburua ekoizleak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzeaz gainera, antzinako lanbideak ezagutaraztea ere bada. Horregatik, urtero erakusketa eta erakustaldi bereziak antolatzen dituzte sarreran. Aurten Euskal Herriko garagardo ekoizleen erakusketa antolatuko dute Euskal Garagardo Elkartearekin batera.

Lehenengo erakustaldi honetan lau marka etorriko dira: Mungiako Boga, Oiartzuneko Pagoa, Sondikako Txorierri Garagoak eta Zamudioko UrbanBeer. Euren ekoizpena erakutsiko dute, azalpenak emango dituzte eta garagardo dastaketetan parte hartzeko aukera egongo da.

Euskal Dendan tradizioa duten bestelako ekimanak ere ez dira faltako. ‘Artisau despistatua’ lehiaketa da horietako bat.  Artisau batek bere ofizioari ez dagokion gauzakiren bat izango du bere postuan eta bisitarik hori aurkitu beharko du. Urtero legez bisitariek posturik onena zein den aukeratu dezakete.

Artetsu sariak

Artetsu sariek euskal artisautzaren garapenean zein zabalkundean lagundu duten norbanako edo entitateak saritzen dituzte urtero-urtero. Aurtengo ekitaldia abenduaren 2an, 20:00etan, egingo dute San Agustin kultur gunean.

Bizitza osoari eskainitako saria denetan bereziena da eta Zornotzako Jaialdi tailerrak jasoko du bere ibilbide oparoagatik. Maria Jesus Cortabitartek eta Jose Luis Arrietak orain 16 urte sortu zuten. Euskara eta tradizioa sustatzen egindako lanagatik Etxepare Euskal Institutua ere sarituko dute. Erakundeen eta hedabideen ataletako sariak Iurretako Udalarentzat eta DOTB Durangaldeko Telebistarentzat izango dira, hurrenez hurren. Bogodoritsie abesbatza eta omenduko dute bere 20. urteurrenean.

 

EUSKAL DENDAREN ORDUTEGIA

Irekita: Abenduaren 2tik 6ra.
Goizetan: 11:00etatik 14:30era.
Arratsaldetan: 16:30-21:00 (abenduak 6: 16:30-20:00)
Inaugurazioa: Abenduak 2, ostirala, 12:00etan.

 

SALTOKI KOPURUAK

Guztira: 52 
Bizkaitik: 24
- Durangaldetik: 6
Gipuzkoatik: 14
Nafarroatik: 7
Arabatik: 5
Lapurditik: 1
Nafarroa Beheretik: 1

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!