Durangoko Udalak 1,3 milioi euro bueltatu beharko dizkio Bizkaiko Aldundiari

Erabiltzailearen aurpegia Markel Onaindia Txabarri 2016ko urr. 26a, 14:00

Herrietako udal aurrekontuetako diruaren zati handi bat Bizkaiko Foru Aldundiak ipintzen du, Udalkutxa deitzen den poltsa baten bidez. Durangon, adibidez, 2016rako 17,1 milioi euro jasotzea aurreikusita zegoen. Baina, kontua da Aldundiak zerga bilketan ez duela jaso aurreikusita zeukan kopurua, eta horrela, herriek diru zati bat bueltatu behar dutela, aurrekontuak dagoeneko erabakita dituztenean. Durangoko Udalak 1,3 milioi euro bueltatu beharko dizkio Aldundiari.

Gaiaren harira, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen atzo –Herriaren Eskubideak soilik babestu zuen–. Dani Maezturen ustez Aldundiaren akatsa izan da: “Batzuek lana txarto egin dute, eta orain herritarrek ordaindu behar. Akatsa egin duenak erantzukizuna onar dezala”. Falta den diruaren erdia Aldundiak bere gain hartzea proposatu zuen Maeztuk. Udal aurrekontuan “murrizketak” ekarriko dituela esan zuen.

Arrisku konpartitua
Aitziber Irigoras alkateak (EAJ) azaldu zuen Udalkutxan arrisku sistema konpartitua dutela Aldundiagaz, eta horregatik bueltatu behar dela dirua, araua bete behar delako. “Inor ez zen kexatzen 3 milioi euro bueltatzen zizkigutenean”.  Jorge Varelaren (HE) iritziz, “hauteskunde urte batean aurrekontuak puzteko aitzaki bat” izan zitekeen gehiegizko aurreikuspena. “Diru bilketa txarto zihoala abisatuta geunden”. Pilar Ríos (PSE-EE) hausnarketa beharragaz ados agertu zen, baina ez EH Bilduren planteamenduagaz. Fran Garatek akatsa egon dela esan zuen, baina abstenitu egin zen.

DURANGALDEAN BUELTATU BEHARREKOA

Durango: 1,3 milioi euro
Zornotza: 855.000 euro
Abadiño: 363.000 euro
Elorrio: 339.000 euro
Berriz: 232.000 euro
Iurreta: 181.000 euro
Zaldibar: 147.000 euro
Atxondo: 69.000 euro
Otxandio:  66.000 euro
Mañaria: 33.000 euro
Mallabia: 65.000 euro
Garai: 20.000 euro
Izurtza: 16.000 euro
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!