Geltoki zaharreko lurzorua urbanizatzen hasteko pausoa eman dute

Anboto 2016ko abu. 31a, 13:40

2012ko abenduaz geroztik trena lurpetik doa Durangon, baina trenbide zaharraren eragina ez da desagertu oraindik. Lurzoruan pasagune batzuk zabaldu badituzte ere, eremu handi batek zarratuta jarraitzen du, herrigunea erdibitzen. Geltoki zaharreko lurretan tailerrak eta kotxetegiak kendu zituzten, eta 60.000 metro karratuko eremua hutsik dago.

Azken berrien arabera, badirudi egoera laster aldatuko dela. Izan ere, geltoki zaharreko lurzoru hori urbanizatzen hasteko pausoa eman dute Eusko Jaurlaritzak eta udalak. Jaurlaritzak udalaren esku utziko ditu lurrak, eta 7 milioi euro inbertituko ditu urbanizazioan laguntzeko.

Hitzarmena udalagaz
Jaurlaritzaren menpeko ETS enpresa publikoak (Euskal Trenbide Sarea) eman du erabakiaren berri, eta iragarri du laster sinatuko duela hitzarmena udalagaz. “Durangoko Udala izango da eremuaren jabe, eta beharrezkoa deritzon erabilera publikoa eman diezaioke”.

Datarik ez
Momentuz ez dago lursailaren urbanizazioagaz lotutako beste datu eta eperik. Udaletik berria baieztatu dute, baina adierazi dute irailean zehar argituko dituztela egitasmoaren nondik norakoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!