Igande goizean Durangoko tren geltoki inguruan gertatutako eraso sexista gaitzetsi du udalak

Anboto 2016ko abu. 23a, 12:43

Igande goizean 8:00ak edo 9:00ak aldera Durangoko tren geltoki inguruan eraso sexista bat gertatu zela jakitera eman du Durangoko Udalak. "Emakumeak erasoari aurre egin zion eta etetea lortu zuen. Durangoko epaitegian salaketa jarri zuen eta Ertzaintza ikertzen dabil", azaldu dute udal arduradunek

Igande goizean 8:00ak edo 09:00ak aldera Durangoko tren geltoki inguruan eraso sexista bat gertatu zela jakitera eman du Durangoko Udalak. Atzo Durangoko Berdintasun Sailetik genero-indarkeria kasuen aurrean erantzuna emateko indarrean dagoen udal protokoloa aktibatu zutela gaineratu dute udal arduradunek. "Emakumeak erasoari aurre egin zion eta etetea lortu zuen. Durangoko epaitegian salaketa jarri zuen eta Ertzaintza ikertzen dabil".

Udal protokoloa jarraituz, gaitzespena adierazteko bandoa zabalduko dute herriko atari guztietan. "Durangoko Udaletik emakumeen kontrako indarkeria kasu honen aurrean edota beste edozein motatako indarkeriaren aurrean gure erabateko gaitzespena eta arbuioa agertzea nahi dugu.  Bat egiten dugu hau salatzeko egingo diren deialdi guztiekin".

Era berean, Andereak elkarteak ostegunerako, 20:00etan, Andra Marian deitutako elkarretaratzeagaz bat egin du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!