Epaitegien esku utzi dute Artekaleko pisu baten abandonatuta aurkitu duten txakurraren kasua

Anboto 2016ko abu. 20a, 12:54
Durandogeko kideen argazkia

Txakurrak gutxienez zazpi egun zeramatzan bakar bakarrik etxe barruan. Udaltzaingoak etxebizitzan sartzean berehala baieztatu zuen animalia bakarrik zegoela. Udal araduradunek azaldu dutenez, "pisua, animali-gorotzez beteta aurkitu zuten, txakurrarentzako janari eta edaririk gabe". Durandog elkarteko kideak txakur honen egoeraz arduratu dira.

Atzo, 11:00ak aldera, Alde Zaharreko bizilagun bat Durangoko Udaltzaingoaren bulegoetara hurbildu zen Artekalen, emakume bati alokatuta daukan etxean txakur bat zegoela adieraziz. Durandog elkarteko arduradunekin ere berba egin zuen txakurraren egoeraz arduratuta.
 
Bizilagun honek agenteei azaldutakoaren arabera, txakurrak gutxienez zazpi egun zeramatzan bakar bakarrik etxe barruan. Udal ordezkariek azaldu dutenez, "udaltzaingoak etxebizitzan sartzea erabaki eta berehala baieztatu zuen animalia bakarrik zegoela. Pisua, animali-gorotzez beteta aurkitu zuten, txakurrarentzako janari eta edaririk gabe.
 
Udaltzainak eta animaliak biltzen dituen operarioa animaliaren kargu egin ziren eta albaitariarengana eraman zuten. Durandog elkarteko kideak ere txakurraren egoeraz arduratu dira.
 
Era berean, Durangoko Udaltzaingoak, diligentziak epaitegiaren esku jarri ditu, egin beharreko ikerketak martxan jarri ditzan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!