Durangoko beste kale bat oinezkoentzat bihurtzea aztertzen dabil udala

Anboto 2016ko uzt. 22a, 12:31

Aitziber Irigoras alkateak aurreratu du, herriko erdiguneko kale bat oinezkoentzat mugatzea hausnartzen dabiltzala, eta irailean proba pilotu bat egingo dutela, erabakia hartu aurretik.

Durangoko Alde Zaharra oinezkoentzako gune da, eta Zumalakarregi kalea ere itxi egiten dute jai egunetan. Mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz hartutako neurriak dira, eta baliteke, laster beste gune bat ere oinezko bihurtzea. Irigorasek ez du esan zein kale izango den, baina bai erdigunekoa izango dela.

Mugikortasun Jasangarriaren astea
Irailaren 16tik 22ra bitartean Mugikortasun Jasangarriaren astea ospatuko da Durangon, eta dagoeneko eman dute ekintza nagusien berri. Udaletxean egindako aurkezpen horretan aurreratu du Irigorasek oinezkoen kalearen gaia. Make It Visual komunikazio agentziak antolatu du egitaraua, eta Duranguesa txirrindulari elkarteak ere lagunduko du. Adibidez, irailaren 18an, bizikleten inguruko ikastaro intentsibo bat eskainiko dute, eta Bizkaiko Txirrindularitza Eskolen topaketa ere egingo dute egun berean.

Udalak ingurumenaren alde eginiko lana nabarmendu du, eta gogoratu du 2014ko Euskadiko Udalerri Jasangarriari Saria irabazi zutela. "Durango klima aldaketaren, airearen kalitatearen, mugikortasunaren, hirigintzaren eta hondakinen kudeaketaren abangoardian kokatua dago." Ekologistak Martxan elkarteak egindako ikerketaren harira, ostera, airearen kalitatea ez zen ona izan 2015eko egun ugaritan, nahiz eta azken urtetan zehar hoberantz egin duen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!