"Entzutera datorren jendeari emanaldi gozoa eta lasaia eskaini gura diot"

Anboto 2016ko uzt. 12a, 10:10

Erromantizismoko kanta frantsesak eskainiko ditu Amaia Urzainkik (Eibar, 1965) uztailaren 14an, Durangon, Roberto Oviedo pianistak lagunduta.

Zelakoa izango da eguenean Kurutzesantun eskainiko duzun kontzertua?
Entzutera datorren jendeari emanaldi gozoa eta lasaia eskaini gura diot; uztailaren 14an Durangon emango dudan kontzertua entzulegoarentzat bere egunerokoan parentesi bat izatea gura nuke. Chansons D’amour izenburua du emanaldiak, eta hamalau kantako errepertorioa eskainiko dut, a capella, Roberto Oviedoren pianoak lagunduta.

Zer deritzozu Kurutzesantu Museoari? Kontzerturako agertoki egokia da?
Oso egokia dela uste dut. Giro gozoa sortuko dela uste dut. Eguraldi ona egiten badu, lorategian egingo dugu emanaldia, eta, bestela, Kurutzesantu Museoko barrualdea ere oso leku ederra da.

Maitasunari buruzko kantak dira errepertorioaren oinarria.
Bai, betidanik eduki dut joera bat maitasunari buruzko kantekiko. XIX. mendeko Erromantizismo amaierako eta Modernismo hasierako konposatzaileen obrak oso gustuko ditut: oso gozoak dira.

Frantsesak dira eguenean eskainiko duzun errepertorioko konposizio guztiak. Zer konpositorerenak?
Besteak beste, Hahn, Massenet, Debussy edo Fauréren kantak abestuko ditut. Kantagintza klasikoaren munduan oso konpositore ezagunak dira guztiak, eta, adibidez, Chanson triste eta halakoak ezagunak egingo zaizkio jendeari.
 
Zergatik hautatu dituzu kanta horiek?
Oso gustuko ditudalako, batetik, baina, baita, nire ahotsaren ezaugarriekin bat datozelako ere. Musika frantsesak kantakera oso polibalentea eskatzen du: gai izan behar duzu tonu oso altuak zein oso baxuak ere abesteko, edo piano zein forteak egiteko. Aldi berean, musika estilo honek askatasun handia ematen dizu zuk zure interpretazioa egiteko.

Kanta guztiak dira frantsesez. Hizkuntzarekin ondo moldatu zara?
Horixe izan da zailena. Baina, zorionez, badauzkat lagunak frantsesa dakitenak, eta asko lagundu didate. Beraien laguntzari esker joan naiz ahoskera hobetzen. Pozik nago lortu dudanagaz. Emanaldiari batasuna emateko, edonola ere, performance txiki bat ere izango da Kurutzesantuko kontzertuan.

Zer dela-eta eman duzu abesbatzetik kanpo bakarrik aritzeko pausoa?
Musikaren oso zalea den lagun talde bat daukat, eta martxan ipini izan ditudan beste proiektu askok bezala, eurekin lotura du honek ere: hortik jaio zen ideia hau ere. Duela hiru urte ezagutu nuen proiektu honetan nigaz diharduen Roberto Oviedo pianista, eta beragaz eman dut bakarka kantatzeko pauso hau. Aukera ederra da beragaz aritzea.

Zelan uztartzen duzu musikarekiko zaletasuna zure eguneroko bizitzagaz?
Nahiko ondo moldatzen naiz. Zorionez, 15:00ak arteko lan ordutegia daukat, eta arratsalde guztia neure erara moldatzeko aukera daukat. Seme-alabak nagusiak dira dagoeneko, eta ateratzen dut kantatzeko denbora. Ikasten segitzeko eta entseatzeko nahikoa denbora daukat.

Zein izan da zure bizitzan zehar kantatzeko zaletasunak izan duen lekua?  
Txikitatik gustatu izan zait abestea, baina Durangora etorri nintzenean, orain 30 urte inguru, hasi nintzen Doinu Zahar kamera abesbatzan kantatzen. Asko ikasi nuen eurekin. Duela urte batzuk Bogoroditsie abesbatzean ere hasi nintzen, eta orain bietan nabil. Gainera, duela 12 urte hasi nintzen bakarkako kantuko klaseak hartzen. Eta horretan jarraitzen dut, musika eskolan Agurtzane Mentxakagaz.

Zer asmo daukazu etorkizunerako?
Emanaldi hau apur bat zabaltzea gurako nuke, inguruko herrietan bada ere. Ez dut beharrik sentitzen honetatik bizitzeko, eta arrakastaren bila ere ez nabil. Neu eta entzuten nautenak gustura egotea da nire helburu nagusia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!