Piedmont East Bay abesbatza Santa Ana plazan arituko da bihar

Anboto 2016ko eka. 27a, 13:07

Areto barrurako ikuskizunen denboraldia amaituta, Durangoko San Agustin kulturguneak antolatzen duen Uda Kalean Bizi programazioaren barruko hitzordu musikaletako bat izango da biharko Santa Ana plazakoa (euria egiten badu Santa Ana eliza barruan eskainiko dute emanaldia). Piedmont East Bay abesbatza gonbidatu du San Agustinek martitzenean, 20:00etatik aurrera, Durangon kantaldia eskaintzera.

1982an AEBetako San Frantziskoko badian sorturiko abesbatza da Piedmont East Bay. Durangora 12 eta 18 urte arteko 45 gaztek osatzen duten taldea etorriko da. Piedmont East Bay eskolan kantua irakasten 30 urte baino gehiago daraman Robert Gearyren zuzendaritzagaz arituko dira, Uda Kalean Bizi programaren barruko saioan.

Mundu osoan zehar emanaldiak eskaini izan dituelako, konpositore garaikideekin elkarlanean aritzen delako, eta musika berria sortzen ere jarduten delako da abesbatza hau ezaguna.

Duela 34 urte sortu zutenetik, mundu osoko 26 herrialdetan kantatu dute Kaliforniako umeen abesbatza honetako kideek. Gainera, Europa, Asia eta Ipar Amerikako ia hogei kantu lehiaketatan parte hartu, eta hainbat sari jaso izan dituzte.

Bihar Durangoko Santa Anan aritu aurretik, Bartzelonan eskaini dute emanaldia, eta Durangaldetik Valentziara joango dira beraien bira amaitutzat emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!