Gainera, gune guztietako eragileak koordinatuta eta komunikatuta egongo dira. Zaintza funtzioa izango dute, gunea behatu beharko dute, gertatu litezkeen erasoak prebenitzeko. Beste funtzioa aldarrikapenarena izango litzateke. 300 peto more eta 150 pegatina banatu dituzte eraso sexisten kontrako aldarrikapena Ibilaldiko paisaian txertatzeko. Ekimena ikastolen hezkuntza proiektuagaz lotuta dagoela nabarmendu dute antolatzaileek.
Ibilaldiko batzar jendetsuenetakoa izan da eragile moreen inguruan egindakoa. “Gaiak ikastoletan jakin-mina sortu duen seinalea da hori”, azaldu dute parekidetasuna zehar-lerro moduan lantzen jardun duten taldeko kideek. Izan ere, joan zen astean Kurutziagan emandako formazio saioan 120 lagunetik gora parte hartu zuten.
Ildo horretatik, Ibilaldian indarkeria sexistari erantzuteko protokoloa osatu dute. Irizpide horiek eragile moreei zein bestelako parte-hartzaileei azaltzea izan zen batzarraren helburuetako bat. Ibilaldian erasoen kontrako telefonoa ere izango da: 605 707 059. Erasoren bat ikusi duenak edo erasoa jasan duen berak deitu dezake.
Ikasleen komikia
Ibaizabal ikastolako ikasleek komiki berezia osatu dute peto moreen inguruan. Horrekin, kartelak eta esku-orriak banatuko dituzte Ibilaldia osatzen duten guneetan. “Ilusio handia egin digu. Eragile moreen ideia hedatzeko parte-hartzea posible dela ikusi dugu. Beraiek sortutako komikiagaz oso pozik gaude”, azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.