Etorkizunera begira, Ikastolek zein erronka dituzte orokorrean?
Idurre Maortua: Nagusiki konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza da dugun erronka nagusiena. Ikasleak etapa erabakigarrian daude, etorkizuneko euren lana izango dena erabaki beharko dutelako, eta presio handiagaz bizi dute etapa akademiko hau. Zailtasun gehigarri bat ere badugu Batxilergoan, izan ere, dekretu zirriborroa baino ez dugu eskuartean, eta horrek ziurgabetasun handia eragiten du. Adibide argi bat ematearren, oraindik ez dakigu zelakoa izango den datorren ikasturteko selektibitatea.
Eta Kurutziagak eta Ibaizabalek, zein erronka dituzte?
Urko Rodriguez: Kurutziaga ikastolan hainbat erronka ditugu ikastola modura, beheko mailetan hasita, Haur Hezkuntzako curriculuma, eta honi erantzungo dion eraikina eraberritu eta egokitzea beharrezkoa da; kanpo espazioaren erabilera hezkidetza ikuspuntutik jorratu eta hau martxan jartzea; konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza martxan jarri dugu, eta hau osotzea DBHko mailetan, eta honekin batera Lehen Hezkuntzan inplementazioa hastea. Elkarbizitza eta Kiva bezalako proiektuak indarrean ipintzea… Esaldi batean sartzen direnak, baina urte askoko lana ekarriko duten erronkak izango dira.
I.M.: Arlo pedagogikoan berriz, Ibaizabal hazten ari den ikastola da, gero eta ikasle gehiago ditugu, eta datozen urteetan hazkunde hori mantenduko dela uste dugu. Hazkunde horrek azpiegitura aldetik inbertsio berriak egitea eskatuko digulakoan gaude. Bestetik, lanbide heziketan gure eskaintza zabaldu gura genuke. Oraindik ere lanbide heziketako eskaintza nahiko erdalduna da, eta lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoa deritzogu zikloak euskaraz eskaintzea. Bestalde, gizarte arloan dugun erronkarik handiena talde ikuspegia lantzea dela esango nuke.
U.R.: Badaude zehatzagoak diren erronkak. Ikastolako egunerokoan zein Ibilaldian zaindu gura ditugun zehar-lerro batzuk finkatuta ditugu: aniztasuna, jasangarritasuna, parekidetasuna... Ez dira gai errazak, gizartean oso errotuta daudelako bestelako praktika batzuk, eta gure artean ere ikuspegi ezberdinak daudelako. Hala ere, lanerako ildo zentralak izan behar direla uste dugu, datozen urteetan arretaz landu beharko ditugunak.
Ibilaldirako gutxi falta den honetan, zelan doaz prestaketa lanak?
I.M.: Ondo doaz. Jendeak ondo erantzun du, ez bakarrik ibilaldi egunean, urte guztian ere bai. Auzolanean egiten den lana da Ibilaldikoa, eta ikastolako kideek aurten ere erakutsi dute badakitela horrelako deialdiei erantzuten. Asko izan dira lanean buru-belarri ibilitakoak, baina ez dizut gezurrik esango, badugu zer hobetu.
Zelan baloratzen duzue urte honetan zehar egindako lana?
I.M.: Aberasgarria izan da, herriko hainbat eragilegaz antolatu ditugulako ekintza ezberdinak. Mosaiko erraldoi bategaz hasi genuen lehen egitasmoa, eta gerora antolatu ditugunetan ere jende askok hartu du parte. Ibilaldian egindako harremanei segida ematea gustatuko litzaiguke, datozen urteetan ere proiektu partekatuak eginez herri eragileekin.
Ibilaldian batutako dirua zein proiektutara bideratuko duzue?
I.M. : Ibaizabalen 2013an egindako eraikina finantzatzeko erabiliko da Ibilaldiko dirua. Eraikin honi esker, laugarren lerroa zabaldu dugu batxilergoan. 1.000 m2 dituen eraikina da.
U.R..: Kurutziagak goia jo du, baina inbertsioetarako beharra ere badago, batez ere Haur Hezkuntzan. Eraikina zaharkituta gelditu da, eta eraberritzea egiterakoan, idatzita dugun Curriculum berriari egokituko zaion eraldaketa ere egin gura dugu. Beraz, Ibilaldian batutakoa proiektu horretara bideratuko dugu.