Peru Magdalena: "Udako egunen argitasuna eta arintasuna darie poema hauei"

Anboto 2016ko mai. 24a, 13:25
Zortzi urte dira Magdalenak 'Hutsik' poema liburua argitaratu zuela.

Hitz liburu-dendan aurkeztuko du Peru Magdalenak 'Argia' poema liburua eguenean

Maiatzaren 26an aurkeztuko duzu poema liburua. Zelakoa izango da ekitaldia?
Lagunen eta ezagunen aurrean aurkeztuko dut, eta ospakizun bat izatea gura dut. Liburuak bost atal dauzka, eta bakoitzetik bi poema errezitatuko dut. Poematik poemarako tarteetan, jazzeko hainbat pieza joko du Uxue Alonsok.

Zortzi urte pasatu dira ‘Hutsik’ poema liburua kaleratu zenuenetik. Hura amaitu zenuenetik ibili zara ‘Argia’ liburu honetarako poemak pentsatzen?
Ez, azken bi urteetan idatzitakoak dira liburu berrikoak. Uda bitan idatzitakoak, zehatzago esateko. Udako egunen arintasuna eta argitasuna darizkie poema hauei: azala, izarak, hegoak, ardo zuria... 2008an Hutsik kaleratu eta gero, nire jardun poetikoak geldialdi moduko bat izan zuen: lan konklusiboa izan zen hura. Hustuta bezala geratu nintzen liburu hura argitaratu eta gero. Haren ostean, poesia gutxi idatzi dut hainbat urtean. Txundidura une batean Argia jostalari etorri zen arte...

Diozunez, igartzen da udan idatzitakoak direla poemok.
Bai, eta, idatzi baino, poemok destilatu egin nituela sentitzen dut: berbaz berba, tantakaz tataka. Estasi uneak egoten dira sorkuntza prozesuetan, eta, horretarako, oso aproposak dira telefonoa etxean utzita, sorkuntzara buru-belarri emanda egoteko aukera eskaintzen duten egunak: oso une ederrak izaten dira. Ume bat zerbaitetan oso kontzentratuta dabilenean bezala, norbere ahalmenei tiraka sortzen den emariagaz jolasten ibiltzeak zoriontasunetik oso gertu dagoen leku batera zaramatza. Aldiz, bestelako ardurek estasi uneak zapuztu egin ditzakete, sarritan.

Gaien arabera, bost ataletan banatu duzu liburua.
Poesiaren argizaria da lehenengo atala; Berrizen bizitako haurtzaroari buruzkoa Elurte handia; Hirugarren ataleko gaiak gaztaroa, maitemina, Mediterraneoa... dira, eta Ekialdea du izenburua; Bizitzarekiko nire jarrera politikoaren azalpena da Argia; eta Argizakiarena da azkena: estasia.

Poema guztietan nabari da baikortasun moduko bat.
Neu naizena osorik bota dut liburuan: oso zintzoa da. Nire bizitza pertsonalean ‘klik’ egin dudan momentu bat egon da: bizitzarekiko  jarrera politiko jakin bat hartu dudan une bat. Liburu honetan badaude ideia horiek: errealitatea, kanpoan baino, geure barruan dagoela, esate baterako.

Eta ikuskera horren onurak irakurleagaz partekatu gura dituzula ematen du.
Bai, eta ikuskera horren muinean dauden galderak ere partekatu gura ditut jendeagaz: “Zer da zoriontasuna?”, edo, “Zerk du eragin negatiboa gure zoriontasunean?”.

Haurtzaroari buruzko olerkietan dago zoriona?
Bai, izan ere, atal horretan jasotako Rilkeren olerkian esaten den bezala, haurtzaroa dugu aberri infinitu. Haurtzaroan sustraituriko sinbolo asko darabilkigu gero bizitzan zehar. Edozelan ere, dena da erlatiboa, eta ezin dugu ahaztu oroitzapenak ere asmakizunak direla.

Beste literatur-genero batzuk sortzen baino zoriontsuagoa zara poesia idazten?
Poesiarekiko sentitzen dut bulkadarik puruena. Ihes egiten didala sentitzen dut: nire kontroletik kanpo dagoen zerbaitek eramana bezala sentitzen naiz poesia idaztean. Arrazoiketatik kanpo dauden prozesu horiek onartzeko kapaz zarenean, oso jolas ederrak sortzen dira.

Bi berba elkartuta, zeuk sorturiko hainbat hitz daude poemetan: ‘argizakia’ esaterako.
Bai, horrelako asko daude liburuan: aditz bihurtu ditudan adjektiboak, esaterako... Bidean topatu ahala idatzi ditut, oso prozesu instintibo batean: jolasaren parte da. Orokorrean, baina, poema hauetan badago soiltasunaren eta arintasunaren bilaketa bat ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!