Durangoko EH Bildu abstenitu egingo da aurrekontuaren bozketan

Anboto 2016ko mai. 6a, 14:10

EH Bildu koalizioa abstenitu egingo da 2016ko udal aurrekontua eztabaidatzeko bilkuran. Horrela, EAJ eta PSE-EEren gobernuaren plana aurrera ateratzea ahalbidetuko du.

Kontua da, gai batzuen inguruan akordioa lortu dutela koalizioak eta gobernuak. EH Bildukoek balioa ematen diote: “Herritarrek eskatu dizkiguten lehentasunezko zenbait proiektu bultzatzen ari garela uste dugu”. Auzoetan batzar zabalak garatu dituzte, eta bertan agertutako beharrizanak kontuan hartu dituzte.

300.000 euro erabiliko dira Aramotz auzoaren birurbanizazioa egiteko; beste 300.000 Antso Estegizerako; eta 200.000 euro San Faustoko urbanizazioa amaitu eta Kapitanena baserria eta inguruak egokitzeko.

Bestalde, 200.000 eurogaz hainbat jolasgune estali, eta Aramotzen txintxaunak eta gimnasia tramankuluak ipiniko dituzte. Zabalarra eta Julene Azpeitia ikastetxeetako obretan 85.000 euro inbertituko dituzte, eta beste 30.000 eurogaz patio bat sortuko dute. Horrez gainera, Turismo Bulegoa Kurutzesantu museora lekualdatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!