‘Aundiya’ filmeko protagonistaren papera grabatzen dabil Eneko Sagardoy aktorea

Anboto 2016ko api. 22a, 10:20
‘Altzoko Aundiya’ ezizenez ezaguna zen Miguel Joaquín Eleizegiren bizipenak kontatuko ditu Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzenduriko filmak.

Eneko Sagardoy aktore durangarra hautatu du Loreak edo 80 Egunean filmak sortu zituen Moriarti ekoiztetxeak, Aundiya izeneko film berrian protagonistaren papera antzezteko.

Joan zen astean ekin zioten filmaren grabazioari, eta zortzi astez, Euskal Herriko hainbat lokalizaziotan jardungo dira: Beizaman hasi dira, eta Leioa, Bilbo, Gasteiz, Baiona, Biarritz, Durango, Tolosa, edo Altzon grabatuko dute, besteak beste.

Eneko Sagardoyk antzezten duen protagonistaren ibilerak kontatuko ditu XIX. mendean kokaturiko istorioak: Altzoko Aundiya ezizenez ezaguna egin zen Miguel Joaquin Eleizegirenak. Bere gorpuzkera handi eta berezia zela eta, Espainia, Portugal, Frantzia eta Ingalaterrako Gorteetara eraman zuten Altzon jaiotako gizona, errege-erreginek ikus zezaten.

Sagardoyren berbetan, “Eleizegiren eta Joseba Usabiagak antzezten duen bere anaia Martinen abentura” da filmaren ardatza, “18 urte zituztenean hasi, eta 40 dituztenera arte luzatzen den 25 urteko bizi-bidaia”.

Duela bi mendeko istorio hori kontatu ahal izateko Moriarti ekoiztetxeko lantalde guztiak egiten duen lana goraipatu du Durangoko aktoreak: jantziei, orrazkerei, tresneriari, zein berba egiteko moduari lotuta, aurre lanketa handia egin dute. “Bidaia oso interesgarria proposatzen du pelikulak: mundu zahar eta berriaren arteko talka gertatu zen garai hura eta orduko pentsaera ezagutzera garamatzana”, dio Sagardoyk. Gizarteko aldaketez dihardu filmak, esparru intimoagoan ere eragina izan zuten aldaketez.

Mitoaren eta errealitearen inguruko gogoeta ere badago filmean, protagonistak azaldu duenez: “Benetan gertaturiko istorioa da, baina informazio gutxi dagoenez egiaztatuta, mito izaera hartu du denboragaz”.

“Zorte handia da honen moduko pertsonaia bat antzeztu ahal izatea: horrelako ezaugarri fisiko eta psikologikoak dauzkana”, dio Sagargoyk. Lantaldeko gremio guztietan sentsibilitate handiko kide bikainak dituela ere azpimarratu du aktore durangarrak: “Asko zaintzen dituzte detaile guztiak, eta oso babestuta sentitzen naiz”.  

Figuranteak Durangon
Maiatzaren 15ean, Durangoko Alde Zaharrean ibiliko dira grabatzen, eta adin guztietako figuranteak beharko dituzte. Parte hartu gura dutenei aundiyabinahi@gmail.com-era euren adina, argazkiak eta telefono zenbakia bidaltzeko eskatu diete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!