Bizkaibusek geraleku berri bat edukiko du Tabiran

Anboto 2016ko mar. 15a, 19:18
Argazkia: www.durango-euskaraz.net

EH Bilduk eraman du gaia osoko bilkurara, eta Pilar Ríos alkateordeak (PSE-EE) azaldu du Aldundiagaz tratuan egon direla dagoeneko. Mañarira doan autobusa geratuko da Tabiran, eta leku zehatza adostuko dute Aldundiko eta udaleko teknikariek.

Ríosek esan du mozioa bozeramaileen batzordean aurkeztu zenean Aldundira jo zutela, eta horiek baiezkoa eman dietela. Beraz, geraleku berria non ipini erabaki beharko da orain. Seguruenik, Ibaizabal ikastolaren parean edo Arriluzea kalean ezarriko dute. Horrela, Tabirako auzotarrek Bilboraino joan ahalko dute bertatik, eta besteak beste, Landakoko anbulategira garraioz joateko aukera bat edukiko dute.

EH Bilduko Ion Andoni del Amok aurkeztu du mozioa, bere ustez "zentzuzkoa eta egingarria" delakoan. Izan ere, autobusa pasatzen da dagoeneko auzotik. Ideia, Tabiran egindako auzo batzar batetik sortu dela azaldu du; Madalenako geltokia eta udal zein osasun zerbitzuak urrun dituztela esan zieten auzokideek.

EAJk, Herriaren Eskubideak eta PSE-EEk egitasmoaren alde egin dute. PP abstenitu egin da, Aldundiaren azterketari itxarotea beharrezko ikusten duelako, "durangar guztiek zerbitzurako eskubidea" dutela aitortu arren.

Beste auzoak, hurrengo baten
Herriaren Eskubideak, Julián Ríosen ahotan, beste puntu bat txertatu gura izan du mozioan, Durangoko beste auzoetara ere garraio publikoa eramatearen aldekoa. Hain zuzen ere, hori zelan egin aztertzeko eskaera egin du. Baina, EAJk eta PSE-EEk proposamena batzordean lantzea eskatu dute. Azkenean, gaia hurrengo batzarrerako landu eta aurkezteko konpromisoa hartu du Herriaren Eskubideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!