Zer ezkutatzen dute ipuinek?
Ipuinak eduki aldetik kontsumitzen ditugu; testuaren arabera, oro har. Egia da irudiak arreta deitu diezagukela. Gerta daiteke irudia atsegina ez izatea, eta horregatik ipuina ez hartzea. Hala ere, helduok, ipuin horien kontsumitzaileok, ez dakit zenbaterako arreta jartzen diogun irudiak ezkutatu dezakeen mezuari. Estetikatik haratago; politagoa edo itsusiagoa izatetik haratago. Badago beste kode bat, beste ezagutza bat, eta horretaz hausnartu gura dugu. Aukeratu liteke ipuin bat ideia horretatik abiatuta; irudiak irakurri egin daitezke.
Irudiak albo batera uzten ditugu? Ez diegu arretarik jartzen?
Denetarik dago. Hala ere, oso zabalduta dago egia ez den siniste bat: irudiak testuari lagundu egiten diola. Testua dekoratu egiten duela. Hori ez da beti horrela: badaude lehenengo irudia sortu eta gero testua jarri zaien ipuinak; testurik gabekoak ere bai. Horiei zenbateko arreta jartzen diegu? Jasotako hezkuntzak ere badu horretan eragina. Horretara bideratu gaituzte.
Ikus-alfabetizazioa eta alfabetizazio arrunta ez dira maila berean landu?
Ipuina eskura dugun erreminta dela uste dut (etxean, ikasgeletan, liburutegietan...). Denontzako ipuinak daude, eta, ipuin horiek nola hurbildu hala erantzungo dugu: mundu horretara hurbiltzea erabakiko dute batzuek… . Sineskera bat dago ipuinak eta irudiak bost urtera artekoentzat direla; gero, irakurtzen hasten gara. Baina, hori ez da egia osoa. Paradoxa benetan, kontuan hartzen badugu irudiaren gizartean bizi garela. Enpresa erraldoi bat da irudiarena, eta hor mugitzen gara gu. Baina, paraleloki, gizarte hau ez dago irudietan hezita: prentsa artikulu bat irakurri eta ulertzeko gai gara; poesia irakurri eta horren inguruan hausnartzeko gai gara, baina, gai al gara irudi bat interpretatzeko? Ipuinak, txikitatik, irudiekiko sentsibilizazio bat sortzeko tresna dira. Irudiaren munduan hezteko tresna. Etorkizunean pertsona heldu lez munduan dugun guztia kudeatzeko (koloreak, tipografiak, eskalak, formatuak) aurreneko urratsa izan daiteke ipuina. Irudiak mezu bat zabaltzen du.
Hilean behin saio bat egiten duzue. Zein da helburua?
Oso era umilean, kasualitatez sortutako ikastaroa da. Materiala nuen batuta, eta inork interesa izanez gero, saioren bat egiteko aukera bota nuen. Ipuinak ikusi eta komentatu egiten ditugu, irakurle klub bat lakoa da. Ipuinen formatuari, koloreei buruz hausnartzea da helburua. Egon daitezkeen formatu desberdinak ikusi eta aztertzea. Merkatuan aukera zabala dago, bilaketa nahi hori behar da.
Ipuin klasikoetara jotzen dugu?
Badago Txanogorritxoren ipuin bat zulo batzuk dituena, eta linterna batekin lurrean proiektatzen dena. Aupa klasikoak ere! Ez da modernitate kontua. Txanogorritxoren ipuin oso onak eta oso txarrak daude. Filmekin ere berdin gertatzen da, bertsio oso onak eta txarrak daude.
Ipuinetan, irudiak gero eta indar gehiago hartu du?
Digitalizazioa dela-eta, ipuinek bere lekua aurkitu dutela uste dut: badaude ipuin batzuk, adibidez, Migrar, ezin direnak digitalizatu. Esperientzia bat dira eurak bakarrik; objektu bihurtu dira. Argitaletxeak euskarri fisiko horrek merkatuan baduela bere lekua konturatu direla uste dut. Esperientzia hori ezin da ordenagailuan bizi. Nobelen bizitza mugatuagoa delakoan nago. Orriak pasatzea gura dutenak egon badauden arren, gero eta gehiagok deskargatzen dituzte liburuak, e-bookean irakurtzeko. Ipuinekin ez da horrelakorik gertatu oraindik. Zerbait egin da, baina oso gutxi.
Zergatik?
Gizarteak harritu egiten gaitu batzuetan! Ez dut uste gizarteak hori behar duenik. Badago lekua merkatu editorial horretarako, eta ipuinek, album ilustratuek —testuak eta irudiak maila edo presentzia bera dute—, bere indarra hartu dutelakoan nago.
Irudiak irakurtzeko ohiturarik ez dugu?
Irakurri arren, ez garela konturatzen uste dut. Kontzienteago izan behar genuke kontsumitzen ari garenaz, eta duen eraginaz. Adibidez, Frozzenek du orain arrakasta. Disney Faktoriaren indarra handia da benetan, eta kontsumitu egiten dugu. Hala ere, badakigu zer kontsumitzen ari garen? Badugu tresnarik beste zerbait kontsumitzeko? Literaturan badaude alternatibak, baina, ez dut uste horretarako interesik dagoenik, gurasoen partetik baino, merkatuaren partetik.
Irakaskuntzan tresna baliogarriak dira irudiak, formak eta koloreak?
Bai. Hala ere, Arte Plastikoari emandako lekua gero eta txikiagoa da. Ez dago horren aldeko apustu seriorik. Ez dute sinesten pertsona baten garapenerako beharrezkoa denik. Magisteritzan leku gutxi ematen zaio irudiari, eta ondorioz, irakasle izango diren horiek formazio eskasa izango dute arlo horretan.
Heldu eta umeek irudiaren pertzepzio desberdinak ditugu?
Bai! Helduak guztiz kutsatuta gaude. Oso erabakita dugu zer den polita, zer zatarra... Zentzu horretan, garbiak dira umeak, benetakoak. Umeek uneoro harritu ahal zaituzte.
Elkar komunikatzeko irudi edo objektuen forma eta konposaketaren analisia egitea garrantzitsua da orduan?
Batzuek diote inoiz ez garela gai izango umeak ulertzeko. Umeari bere garapen pertsonala izaten utzi behar zaiola diote, gu gidari edo laguntzaile izatera mugatuz. Baina, bizi dugun hezkuntza sistemak ez du hori ahalbidetzen. Gertatzen ari denaz jabetzea da garrantzitsua. Formazioa beti dago ondo, gero ikusiko dugu esku hartu edo ez, ditugun tresnak erabili edo ez.